aurrezki kutxak

EAk Konstituzionalera eramango du kutxetako zuzendaritzen berritzea atzeratzeko erabakia

EAJk, PSEk eta PPk hartu zuten neurria, Eusko Legebiltzarreko Mahaian. "Ilegala da", esan du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, eta uste du haien asmoa Bilduren sarrera atzeratzea dela.

2012ko otsailaren 14a
17:08
Entzun

EAJk, PSE-EEk eta PPk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxetako zuzendaritzen berritzea atzeratu izana kritikatu du berriro Juanjo Agirrezabala EAko eusko legebiltzarkideak, eta gaineratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko duela hurrengo egunetan. EAJk-eta duela bi aste hartu zuten erabakia, Eusko Legebiltzarreko Mahaian.

EAren arabera, erabakiak kutxen legea aldatu egin du, "eta ilegala da, baliogabea da". Agirrezabalak esan du Konstituzionalak iazko uztailean emandako epai batean zioela beste lege bati buruzko emendakin baten bidez ezin dela lege bat aldatu.

EAJk, PSEk eta PPk aitortu dute berez orain tokatzen dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxen zuzendaritzak berritzea, baina hemendik bi hilabetera berriro berritu beharko liratekeela kutxen lege berriagatik eta, ondorioz, ez duela merezi orain egitea berritze prozesu bat.

"Erabaki horrekin Bildu beranduago sartzea bilatzen dute", adierazi du Agirrezabalak. "Mahaiko kideek beraiek badakite euren erabakia ez dela legezkoa, eta horixe da larriena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.