EAk krisiaren aitzakian %28ko zerga onartuko duela uste du PSEk

Gipuzkoako Sozietateen Zergari buruzko elkarrizketak «biziak» direla esan du Diputazioak

Erredakzioa
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak bertako sozietateen zerga %32,6tik %28ra murriztea babestu zuen herenegun, Arabakora eta Bizkaikora parekatzeko eta motelaldi ekonomikoari aurre egiteko. EAk iaz jaitsiera horren kontra egin ostean, EAJ EArekin hitz egiten ari da jaitsiera hitzartzeko. Eneko Goia Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak atzo esan zuen bi alderdien arteko elkarrizketak «biziak» direla eta akordioa lortuko dutela urtea amaitu aurretik.

EAk EAJren jaitsiera proposamena onartuko duela uste dute PSE-EEk, Aralarrek eta EBk. PSE-EEren iritziz, EAk aurten onartu egingo du sozietateen zerga %28ra murriztea, «egoera ekonomikoaren aitzakiarekin». Iñaki Arriola PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiaren esanetan, bere alderdiak ez du onartuko %30aren azpitik dagoen sozietateen zergarik.

Aralarrek EAJri eta EAri eskatu die ez dezatela egoera ekonomikoaren aitzakia erabili sozietateen zerga jaisteko. Aralarren iritziz, «onartezina» izango litzateke krisi egoera baliatzea «presio fiskala;are gehiago langileen bizkar utziko lukeen neurri bat hartzeko».

Gipuzkoako sozietateen zergari buruzko eztabaida zergaren tipoan oinarritu da. Aralarrek salatu du eztabaida «estetikoa» nagusitu dela, eta zerga ereduaren eztabaida sakona eskatu du.

Ezker Batuak, hain zuzen, sozietateen zergaren tipoaz gain, enpresen kenkariak ere negoziatu behar direla nabarmendu du, legearen eta enpresen irabaziei aplikatzen zaienaren artean hainbesteko aldea ez egoteko.

EBren iritziz, sozietateen zerga %28ra murriztea ez da eraginkorra krisi ekonomikoari aurre egiteko eta neurri horrek enpresaburuei bakarrik egingo lioke mesede.

EBk ardura eta akordioa lortzeko eskatu die EAJri eta EAri, «baina ez zergak murrizteko logika neoliberalarekin jarraitzeko, politika fiskal aurrerakoia aplikatzeko baizik».

Aralarrek eta EBk uste dute sozietateen zerga murrizteak ez duela diru gehiago jasotzea eragingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.