Nazioarteko proiektuetan murgilduta dabiltza energiaren sektoreko zenbait euskal enpresa. Horren adibide, Scottish Power Renewables Iberdrolaren filialak East Anglia One itsasoko parke eolikoaren %40 saldu du, 1.800 milioi euroren trukean. Macquarie funts australiarraren Green Investment Group izan da eroslea.
Akordio hori egin arren, proiektuaren kontrola mantenduko du enpresa bizkaitarrak. Iparraldeko itsasoan dago kokatuta Iberdrola egiten ari den parke eolikoa; 714 megawatt-eko potentzia izango du amaitutakoan, Erresuma Batuko 600.000 etxe energia garbiz hornitzeko adina. Gainera, datozen urteetan itsasoan proiektu eoliko gehiago garatzeko asmoa du Iberdrolak, Iparraldeko itsasoan, Baltikoan eta Estatu Batuetan nagusiki.
Ez da proiektu eolikoetan murgilduta dabilen euskal enpresa bakarra. Gaur bertan iragarri du GES Global Energy Servicesek Yucatanen (Mexiko) 90 turbina jartzeko eskaria jaso duela. Envision enpresak egin dio eskaria, munduko turbina fabrikatzaile handienetakoak. Guztira, 2,5 megawatt-eko 36 makina eta 120 metroko dorre bat egin beharko ditu GESek. 50 pertsona inguruk egingo dute lan proiektuan, bost hilabetez; ez dute prezioaren berri eman.
Hiru draga Txinan
Azkenik, Ingeteamek ere garatu du proiektu bat nazioartean, kasu horretan Jan De Nul itsas garraio taldearekin. Hiru dragaren instalazio elektrikoa egiteko proiektuaren zati tekniko handi bat egin du Ingeteamek. Txinan eraikitako ontziek 3.500 metro kubikoko edukiera dute, eta dieselarekin zein elektrizitatearekin mugitzen dira.