Renaulten erabaki batek protekzionismoari buruzko eztabaida berriro piztu du Europan.Autogile frantziarrak jakinarazi du Clio Campus modeloaren ekoizpena Esloveniako Novo Mesto fabrikatik Paris ingurura eramatea, Flinseko fabrikara hain zuzen ere. Europako Batzordeak azalpenak eskatu dizkio Frantziako Gobernu- ari.
Bruselak jomugan du Frantziako Gobernuak joan den hilean autogintza industriari laguntzeko onartutako plana. Izan ere, Parisek 6.000 milioi euroko maileguak abalatuko dizkie Peugeot-Citroeni, Renaulti eta Renault Trucksi, baldin eta Frantziako lantegietako enpleguari eusten badiote eta ekoizpena beste herrialdeetako lantegietara eramaten ez badute.
Planak Europa erdialdeko eta ekialdeko herrialdeetako kexua sortu zuen, arriskuan ikusi baitzituzten Mendebaldeko autogile handiek han egindako inbertsioak. Esloveniakoaz gain, Renaultek lantegiak ditu Pitestin (Errumania), Moskun eta Bursan (Turkia). PSA Peugeot-Citroenek, berriz, Kolinen (Txekiar Errepublika) eta Trnavan (Eslovakia), eta berria eraikitzen ari da Kolugan (Errusia).
Bruselaren susmo txarrak eta eta Esloveniaren haserreak eragozte aldera, Renaultek ziurtatu du Clio Campus modeloa galtzeak ez duela eraginik izango Novo Mestoko lantegian, lanez gainezka dagoelako, eta Twingo modeloko auto gehiago egin beharko dituelako.
Renaultek dio auto modelo txikien eskariak gora egin duela, herrialde asko diru laguntzak ematen ari direlako auto zaharra bota eta gutxi kutsatzen duena erosteari esker. Neurri horri esker, Alemanian salmentek %22 egin zuten gora otsailean, eta Frantzian merkatuaren erorketa beste herrialdeetan baino txikiagoa izan da. Ipar Euskal Herrian mila euroko laguntza eskuratu daiteke kotxe zaharra bota eta gutxi kutsatzen duen berria erosteagatik, eta baldintza bertsuak betez gero, etzitik aurrera erositako autoek 1.200euroko saria izango dute Nafarroan ere.
Kroes haserre
Neelie Kroes Europako Lehiarako komisarioak harridura azaldu du, duela aste batzuk Luc Chatel Frantziako Industriako Estatu idazkariak gutun batez bidez ziurtatu ziolako diru laguntza publikoak jasotzeko baldintzen artean ez zegoela ekoizpena Frantziaratzea. Halako baldintza bat EBko arauen kontrakoa da, EBko kideen arteko lehia librearen aurkakoa delakoan.
Halakorik ez dagoela nabarmendu du Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakariak: «Renaulten erabakiak ez die lanpostu bakarra kenduko Esloveniako gure adiskideei, eta Flinsen handituko ditu».
Clio Campus modeloa (Clio zaharragoa) Flinsen egiteak 400lanpostu sortuko ditu Yvelines departamentuko fabrika horretan. Renaulten beste lantegietan lan gutxirekin geratu direnek bete dituzte horietako gehienak.
EBk azalpenak eskatu ditu Renaultek Clioren ekoizpena Frantziaratzeagatik
Esloveniako Novo Meston egin beharrean, Paris ondoko Flinsen egingo dute aurrerantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu