Greziako Gobernuak gastua beste 3.500 milioi eurotan murrizteko neurriak iragarriko ditu gaur. Litekeena da BEZ zerga %19tik %21era igotzea, erregaien, tabakoaren eta alkoholaren gaineko zergak igotzea, eta luxuzko produktuen gaineko tasa berria ezartzea. Aukeren artean dago langile publikoen aparteko soldatetako bat kentzea. Azken neurri horrek «gerra» ekarriko duela ohartarazi du funtzionarioen sindikatuak.
Hilaren 16ra arteko epea eman zion Europako Batasunak Greziari diru kontuak bere kabuz zuzentzeko gai zela erakusteko, baina azterketara itxaron arte, Atenasko agintariek huts egingo dutela uste du. Horregatik, Europako Batzordeak neurri zorrotzagoak hartzeko eskatu zion atzo Greziari.
«Arriskuak gauzatzen ari dira. Arrisku horiekin, baliteke ez betetzea aurten defizit publikoa lau puntutan jaisteko helburua. Neurri gehiago behar ditugu», adierazi zuen atzo Amadeu Altafaj Europako Batzordeko bozeramaileak. Olli Rehn EBko Ekonomia komisarioa Atenasen dago, eta astelehenean errieta egin zion Greziako Gobernuari, joan den hilean hartutako neurriekin defizita nahi beste murriztea posible ez delakoan.
Grebak eta protestak egunero
Funtzionarioen hamalaugarren soldata kentzeak «gerra» ekarriko duela ziurtatu zuen atzo Adedy funtzionarioen sindikatuko buruak, Spiros Papaspirosek. 600.000 funtzionario ditu Greziak, bere neurriko EBko beste herrialdeek baino nabarmen gehiago. Azken hamabostaldian bi greba egin dituzte: beraien aldetik lehendik, eta joan den asteazkenean berriro, azken hori sektore pribatuko langileekin batera.
Protestak eguneroko ogia bihurtu dira Grezian. Atzo, Atenasko taxi gidariek manifestazioa egin zuten, besteak beste, erregaien gaineko zergen igoera eta bezeroei ordainagariak eman behar izatea salatzeko. Ordainagariak eskatuta, ekonomia ezkutua azaleratzea eta zerga gehiago pagatzea bilatzen du Atenasko gobernuak. Erretiratuen protesta eguna da gaur, eta Ogasuneko langileena datorren astean.
Andreas Loverdos Lan ministroak iragarri zuen atzo pentsioak ez direla igoko.
EBk behartuta, Greziak neurri zorrotzagoak iragarriko ditu gaur
Funtzionarioen sindikatuak «gerra» iragarri du aparteko bi soldatetako bat kentzen badiete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu