Ekonomia

EBk berretsi du defizita %6,6koa izan dela 2013an, Espainian

2014. eta 2015. urteetan ekonomia batez beste %1,5 haziko dela iragarri du Luis de Guindos Ekonomia ministroak.

Luis de Guindos, atzo, Espainiako Senatuan. JAVIER LIZON, EFE
xabier martin
2014ko apirilaren 23a
11:36
Entzun

Dezima bakarra. Hori baino ez da izan Europako Batasunak ezarritako helburua betetzearen ala ez betetzearen arteko aldea. Espainiak BPGaren %6,6ko defizitarekin itxi zuen 2013. urtea, Eurostatek emandako datuen arabera; Madrilek aurreko egunetan kopuru hori bera jakinarazi zuen (%6,62), INEren bidez. %6,5ko helburua ezarri zioten Madrili, eta, beraz, Bruselak helburu hori gutxi gorabehera betezat jo du, nahiz eta dezima bakarrean mila milioi euro inguru desbideratu. Europako Batzordeak %6,7ko defizita aurreikusi zuen Espainiarentzat, eta Eurostatek dezima batean hobetu du azkenean aurreikuspen hori.

Bruselak badaki, helbururako kontatzen ez badu ere. Madrilek gehiago gastatu duela bankuei emandako laguntzak kontuan hartuta. Haiek barne, defizita %7,1ekoa da (72.577 milloi euro), baina Bruselak ez ditu laguntza horiek helbururako kontatzen. Espainiaren zor publikoa, bestalde, %93,9koa izan da 2013an: 960.676 milioi euro.

Zenbaki horiek hobetzeko esperantzari heldu dio Luis de Guindos Ekonomia ministroak; aurten eta datorren urtean Espainiako ekonomia batez beste %1,5 haziko dela esan du. "Itxura guztien arabera, Espainiako ekonomiak berreskuratzen jarraitu du urteko lehen hiruhilekoan". Bistan da ministroak jadanik ezagutzen duela hiruhilekoaren datua, nahiz eta oraindik ez duten jakinarazi. Krisia hasi zenetik lehen aldiz, "berreskuratze egonkorra" egongo dela aurreikusi du, eta galtzen den enplegua baino gehiago sortuko dela, "kopuru esanguratsuan".

%3ko dezita eurogunean

Hamar herrialdek gainditu dute haiei ezarritako defizit helburua, Eurostatek jakinarazi duenez. Egonkortasunerako Itunean ezarritakoa ez dute bete honakoek: Eslovenia (%14,7), Grezia (%12,7), Irlanda (%7,2), Espainia (%7,1, bankuei emandako laguntzak barne), Erresuma Batua (%5,8), Zipre (%5,4), Kroazia (%4,9), Portugal (%4,9), Polonia (%4,3) eta Frantzia (%4,3).  

Hala ere, %3 defizita dago eurogunean, eta %3,3koa Europako Batasunean. Luxenburgok adibidez, %0,1eko superabita izan du, eta Alemania "orekatik hurbil kokatu da", Eurostaten txostenak dioenez.

Bestalde, Europako Batzordeak Greziaren makroekonomiarekin lotutako albistea jakinarazi du. Atenasek lortu du oinarrizko %0,8ko superabita 2013. urtean. Herrialdearen defizitaren (%12,7) interesen ordainketak eta beste aldagai batzuk aintzat hartu gabe ateratzen da superabit hori, 1.500 milioi euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.