Merkataritza

EBk inoizko merkataritza akordio handiena itxi du Japoniarekin

Komertzioa liberalizatzeko itunaren azken xehetasunak adostu dituzte bi blokeek bart, eta 2019. urterako indarrean sartzea espero dute. Akordiotik kanpo geratu da, momentuz, inbertitzaileak babesteko sistema, baina horri buruz negoziatzen jarraituko dute.

Donald Tusk, Shinzo Abe eta Jean Claude Juncker, pasa den uztaileak Europako Batasunak eta Japoniak egin zuten goi bileran. FRANCOIS WALSCHAERTS / EFE
Ivan Santamaria.
2017ko abenduaren 8a
13:15
Entzun

Europako Batasunak eta Japoniak uztailean iragarri zuten merkataritza libreko akordioa bat prest zutela. Ados jarrita, testu legegileen xehetasun guztiak lotzea falta zen oraindik, eta hori da bi aldeetako negoziatzaileek asteon erdietsi dutena. Goizean Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eta Shinzo Abe Japoniakoak telefonoz hitz egin dute, ituna ixteko.

Erredakzioa amaituta, datozen asteotan testua itzuli eta estatu kide guztiei eta Europako Parlamentuari igorriko zaie. Parlamentuaren eta EBko kontseiluaren baimena lortuta, batzordearen mandatua amaitu baino lehen indarrean sartzea da helburua. Hots, 2019. urterako.

Europak inoiz itxi duen merkataritza akordioa handiena da. Munduko laugarren ekonomia handiena da Japonia. 640 milioi biztanleko merkatu handia eta munduko ekonomiaren heren bat ordezkatzen dute bi blokeek.

Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak eman du akordioaren berri. Merkatu aukera "handiak" irekiko direla agindu du. Makineria, botikak, medikuntza gailuak, autoak edo arropa esportatzeko aukerak biderkatuko dituela ziurtatu du. Era berean, jatorri deitura duten 200 bat produktuk babesa lortuko dute Japonian, eta elikagai batzuen muga-zergak nabarmen jaitsiko dira. Gaztarena %30 da gaur egun, eta ardoarena %15, besteak beste.

Inbertitzaileak babesteko sistema

Amaitutako akordioa soilik merkataritza liberalizatzeko zatiari dagokio. Beste akordio batzuetan bezala, inbertitzaileen protekzioa ere negoziatzen aritu dira bi blokeak, baina horretan akordioa zailagoa zela ikusita, banatzea erabaki zuten. Kanadarekin, Singapurrekin eta Vietnamekin ezarri den arbitratze auzitegi berriaren sistemarekin bat egitea eskatu dio Bruselak Japoniari, baina Japoniak oraindik ere ISDS auzitegi pribatuen eredua nahiago du. Gaiari buruz negoziatzen jarraituko dute datorren urtean. Inbertitzaileen eta estatuen arteko gatazkak konpontzeko ardura dute arbitratze egitura horiek.

Japoniarekin negoziazioa amaituta, EBk beste bi akordio gutxi barru ixteko itxaropena du. Mercosurrekin elkarrizketek abiadura hartu dute, eta beste bultzada bat eman nahi zaio orain, MME Munduko Merkataritza Erakundeak igandetik aurrera Buenos Airesen egingo duen goi bilera baliatuta. Halaber, Mexikorekin negoziazioak oso aurreratuta daude, Malmstromen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.