Behin betiko huts egin du finantza eragiketen gaineko tasa bat Europako Batasun osoan ezartzeko proposamenak. Erresuma Batuak, Suediak, Poloniak eta besteestatu batzuek ezezkoa eman diote Tobin tasaren aldaera horri, munduko beste finantza guneetan ezarri ezean Europari kalte egingo diolakoan. Argudio hori ez dute aintzat hartu 11 estatuk, eta tasarekin aurrera egitea erabaki dute.
Eurogunekoak dira Tobin tasa jarriko duten guztiak. Alemaniak eta Frantziak hartu dute lidergoa gai horretan ere. Irailaren 28an, lankidetza indarturako prozedura abian jartzeko eskaera egin zuten ofizialki Europako Batzordean. Lankidetza indartuaren prozedura erabil dezakete EBko kideek arau bateratuak indarrean jartzeko batasun osoan ezartzeko adostasunik ez daudenkasuetan. Gutxienez bederatzi kideren sinadura behar da, eta quorum hori atzo lortu zuten, Italia, Espainia, Eslovakia eta Estonia ere batu zitzaizkielako. Aurretik Austriak, Belgikak, Esloveniak, Greziak eta Portugalek ere bat egin zuten.
Behin gutxieneko sostengua lortuta, proposamena zehaztu beharko dute, eta Europako Batzordera bidali. Erakunde horrek berak proposatu izan du akzioekin eta bonuekin egindako salerosketa guztiei operazioaren %0,1eko tasa bat ezartzea, eta %0,01koa finantza produktu deribatuen salerosketari. Epelagoa ere izan daiteke. Atzo, Luis de GuindosEspainiako Ekonomia ministroak «arrazoizko» tasa bat eskatu zuen, kapitalen ihesa ez eragiteko. Lortutako dirua nahi erara erabili ahal izango dute. Bruselak kalkulatu du EB osoan ezarriz gero urtean 57.000 milioi eragin ditzakeela.
Tasak Europako Legebiltzarraren botoa beharko du, baina baita EBko kideen gehiengo kualifikatuarena. Erresuma Batuak iragari du ez duela blokeatuko, betiere Cityri kalterik ez badio eragiten.
EBko 11 kidek jarriko diete 'Tobin tasa' bankuei
Batasun osoan ezartzeko aukerarik ez da izan, Erresuma Batua eta beste batzuk aurka daudelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu