Kontu publikoak

EBko zazpi kidek dute %3tik gorako defizita

Kontu publikoen desoreka jaitsi egin zen iaz, baita zorrak BPGan duen pisua ere.

Pierre Moscovici, Europako Batasuneko Ekonomia komisarioa. OLIVIER HOSSLET / EFE
Iker Aranburu.
2016ko apirilaren 21a
08:28
Entzun

Europako Batasunaren mamu beltzetako bat neurriz txikitzen ari da. Defizit publikoa, Bruselak hainbat urtez obsesio bilakatutako hori, 65.000 milioi euro txikitu zen iaz EB osoan, horietatik 45.000 eurogunea osatzen duten hemeretzi estatuetan. EBk bere buruari jarritako %3ko muga magiko horretatik behera geratu da honezkero: EBn BPGaren %3tik %2,4ra jaitsi da, eta %2,6tik %2,1era, berriz, eurogunean.

Eurostatek gaur zabaldutako datuek, ordea, oso panorama desberdina erakusten dute herrialde batetik bestera. Badira iaz gastatu baino diru gehiago bildu zuten hiru estatu. Luxenburgo (%1,2) eta Estonia (%0,4) txikiez gain, superabita izan zuen Alemaniak ere (%0,7). Austeritatearen txapeldunak eta bultzatzaile nagusiari 21.204 milioi euro sobratu zitzaizkion kutxan 2015eko faktura guztiak pagatu ondoren. Horri esker, eta BPGa handitu zaiolako, zor publikoa beste koska bat jaitsi ahal izan du, BPGaren %74,7tik %71,2ra.

Beste muturrean, berriz, %3ko muga gainditzen duten zazpi estatukide daude. Ororen buru, Grezia. Eurotik kanpo geratzeko arriskuan izan zen urtean %7,2ko defizita izan du. Zuloa handitu duen estatu bakarrenetarikoa da, gainera, %3,6ko defizita izan zuelako aurreko urtean.

Espainia, luzapen eske

Zerrenda beltzean bigarrena Espainia da, %5,1eko defizitarekin. Beste behin, Bruselarekin hitzartutako defizitaren muga hautsi du Madrilek, Gizarte Segurantzaren galera gero eta handiagoei pilatu zaielako zerga jaitsiera populista bat —hauteskunde urtea zen—, eta autonomia erkidegoek gastu sozialean guraizeak gehiago sartzeko zailtasunak. Guztira, 55.000 milioi euroko zuloa eragin dute administrazio publikoek. Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak laugarren aldiz eskatu dio EBri defizita %3tik behera uzteko epea atzeratzeko, 2017ko abenduaren 31era arte oraingoan.

PPren jarduneko gobernuak egintzat jo du luzapena, eta aurten %3,6ko defizita aurreikusten duen Egonkortasun Plana bidali du Bruselara. Aldi berean, defizit hori banatzen hasi da bere menpeko administrazioen artean. Autonomia erkidegoei %0,3 beharrean, %0,7ko defizita eskaini die. Ongi hartu dute, gehienek ohartarazi baitzuten ezinezkoa izango zela %0,3ra iristea, eta matxinatzeko prest azaldu ziren Cristobal Montoro Ogasun ministroak zigorrekin mehatxu egin zienean.

Jaurlaritza, zuhur

Eusko Jaurlaritzak zuhurtasunez hartu du Madrilen eskaintza, eta gogorarazi du artean EBren baimena behar duela defizitaren mugak handitzeko. Jaurlaritza izan zen iaz gobernu autonomiko bakarrenetako bat %0,7ko muga errespetatzen, Galiziarekin eta Kanariekin batera. BPGren %0,69ko zuloa egin zuen. Aurtengo aurrekontuak %0,3ko defizitarekin kalkulatu du, baina %0,7koa izanez gero, gutxi gora behera beste 260 milioi gastatu ahal izango lituzke —edo zerga bilketa uste baino txikiagoa konpentsatu ahal izango luke—. 

Nafarroari, berriz, %1,28ko defizita eman zion Espainiako Ogasun Ministerioak, baina foru gobernuak uste du benetako datua %0,85 dela. Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak azaldu du defizitaren gaineko interpretazio desberdinek eragin dutela aldea

Greziarekin eta Espainiarekin batera defizitaren %3ko mugatik gora daude Portugal eta Erresuma Batua (%4,4), Frantzia (%3,5), Kroazia (%3,2) eta Eslovakia (%3). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.