Larunbatean itxi zituzten bi aldeek negoziazio politikoak. Zintzilik zeuden auzi guztiak konponduta, orain adostutako puntu guztietan interpretazioak bat datozen egiaztatu beharko dute, akordioa sinatu eta indarrean jartzeko prozedurari ekin baino lehen.
"Kontsumitzaileen eta enpresa handi nahiz txikien mesederako" akordioa izango da, Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Merkataritza komisarioaren arabera. Haren ustez, "seinale indartsua" bidaltzen dio munduari, protekzionismoari buruzko eztabaida itzuli den garaiotan.
Mexiko bera AEBekin eta Kanadarekin ari da NAFTA Ipar Amerikako merkataritza libreko akordioa eguneratzeko modua bilatzen, Donald Trumpek egungo itunetik ateratzeko mehatxua egin ondoren. Europako Batasunarekin 2000. urtean sinatu zuen orain eguneratuko den ituna.
Nekazaritzan zeuden muga-zerga gehienak desagerraraziko ditu itun berriak, trantsizio epe batzuk ezarriko diren arren produktu batzuetarako. Jatorri izenak babesteko bide-orria ere jasoko du testu berriak. Era berean, zerbitzuen alorreko hainbat merkatu elkarri irekiko dizkiote bi blokeek, horien artean finantzak edo merkataritza elektronikoa.
EBko enpresek Mexikon kontratu publikoak lortzeko lehiatu ahalko dute, eta baita alderantziz ere. Bestalde, inbertitzaileen eta estatuen arteko auziak konpontzeko Kanadarekin hitzartu zen auzitegi sistema berria erabiliko da. Ustelkeriari eta diru garbiketari buruzko atal zehatza jasoko du akordioak.
Azken garaiotan EBk iragarri duen bigarren akordioa da. Japoniarekin ere ituna lortu zuen, sinadura falta bazaio ere. Aste honetan Mercosurreko lau herrialdeekin beste negoziazio erronda bat egingo dute. Akordioa "oso hurbil" dago, Malmstromen arabera.