EBren mehatxuei amore eman die Greziak

Diru gehiagoren premian, pribatizazioak eta langile publikoen kaleratzeak bizkortuko ditu Atenasek

Iker Aranburu.
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak eskatzen dizkioten erreformak gehiago ez atzeratzeko konpromisoa hartu du Greziako Gobernuak. Horri esker, jasotzeke zituen 8.000 milioi euro eskuratu ahal izango ditu aurki, premiazko ordainketei aurre egiteko. Pribatizazioak eta milaka langile publikoren kaleratzea bizkortu egingo dituzte Atenasko agintariek.

«Egiturazko aldaketen bandera altxatzen ari gara. Sektore publikoaren erreforma berehala izango da», ziurtatu zuen astearte gauean Evangelos Venizelos Finantza ministroak Greziako Parlamentuan. Hitz horiekin erantzun zien gobernuak azken astean EBk eta estatu kideetako batzuek egindako mehatxuei. Zailtasun politikoen eta herritarren protesten ondorioz, hainbat erreforma mingarri geratu ditu Atenasek, eta horrek haserrea eragin du Bruselan eta Berlinen, aldaketa horiek ezinbesteko baldintza direlako Greziari diru gehiago uzteko.

'Troika' itzuliko da

Joan den astean,Greziak agindutakoa betetzen duela egiaztatzen duen troikako ordezkariak—EBko, Europako Banku Zentraleko eta NDFko kideak daude hor—Atenastik joan ziren, ikusitakoarekin ados ez zeudelako. Atzo, Atenasen jarrera aldaketa ikusita, troika itzuli egingo dela iragarri du Europako Batzordeak. Hilabetea amaitu aurretik jakinarazi beharko luke Atenasek beste 8.000milioi euroko mailegua jasotzeko baldintzak betetzen dituen.

Erreskateak jasotzeko baldintzen artean, Greziako Gobernuak agindu zuen irailaren 14rako 150 erakunde publiko itxi egingo zituela. Horko langileak , «erreserba estrategiko» batean jarri behar zituzten, lan berrien esperoan, oraingo soldataren %60rekin. Adedy langile publikoen sindikatu nagusiak oso gaizki hartu du neurria: «Gobernuak agindu zuen beste lan batzuk emango zizkiela, eta ez zituela kalera botako. Baina erreserba hori kalean geratu aurreko itxarongela da».

2014ra bitartean bost lanpostu publikotik bat kenduko zuela agindu zuen Atenasek. Beste hitz batzuetan, 150.000 langile inguru lanik gabe geratuko direla.

Pribatizazioak ere bultzatuko ditu Greziak. Venizelosek atzo bertan jakinarazi zuen hainbat ondasun publiko funts berezi baten mende jarriko dituztela, salgai jartzeko lehen urrats gisa. Pribatizazioekin aurten 5.000 milioi euro lortzeko asmoa zuen Atenasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.