Ekonomia

EBZ gaur hasiko da erosten herrialdeetako gobernuen zorra

60.000 milioi euro izango dira astero, gutxienez, 2016ko irail arte. EBZk ziurtatu du bere neurriei esker hazkundea indartuko dela aurten.

EBZ Europako Banku Zentralaren egoitza, Frankfurten. BORIS ROESSLER, EFE
Ivan Santamaria.
2015eko martxoaren 9a
07:22
Entzun

«Arrakasta izan dute diru politikari buruz hartutako erabakiek. Ezarrita zeuden helburu batzuk betetzen ari dira, eta ez gara oraindik hasi ere egin». Konfiantza mezu bat bidali du Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak. Herrialdeetako zorra eskala masiboan erosten hasteko atarian, bere neurriekin dagoeneko susperraldia indartzen ari dela aldarrikatu du Draghik.

Joan den urtarrilean iragarri zuen EBZk gobernuen bonuak erosteko programa. Joan den astean gobernu kontseiluak azken xehetasunak eman zizkion, eta gaur hasiko da erosketak gauzatzen. 60.000 milioi euro izango dira astero, gutxienez, 2016ko irail arte, baina programari ez zaio amaiera epe ofizialik ezarri. Orotara, ekonomiari bilioi bat euro inguru punpatuko dizkio, deflazio arriskua uxatu eta kreditua animatzeko asmoz.

«Espero dugu ekonomiaren susperraldia zabaldu eta indartuko dela, pixkanaka», adierazi zuen Draghik, batzarraren ondoren. Urtean bitan egin ohi duenez, Frankfurteko egoitza nagusia utzi, eta beste herrialde batean egin zen bilera. Kasu honetan, Zipreko hiriburuan, Nikosian.

Aldeko giro hori aurreikuspen makroekonomiko berrietan islatu du banku zentralak. Aurten euroguneko barne produktu gordina %1,5 handituko dela kalkulatu du EBZk, joan den abenduan espero zuen baino puntu erdi gehiago. 2016. urterako, berriz, hazkundea %1,9 izango litzateke — lau hamarren gora —, eta 2017. urtean, %2,1.

EBZren neurriak alde batera utzita, beste bi faktoretan oinarritu dira bankuko teknikariak hobekuntza oinarritzeko. Batetik, petrolio prezioen murrizketa. Bestetik, euroaren truke tasaren jaitsiera. Azken hori, neurri batean, bankuaren azken erabakiek bultzatu dute. Draghiren mezua entzun ondoren, diru bakarraren kotizazioak behera egin zuen berriro, dolarrarekin alderatuta. Uneotan euro bakoitzeko 1,1 dolar eskaintzen dira, %20ko jaitsiera azken urtebetean.

Inflazioa eremu negatiboan sartzeak bultzatu du mugitzera EBZ. Aurtengo aurreikuspena jaitsi, eta inflazioa %0an geratuko dela espero du. Hori bai, 2016 eta 2017. urteetarako aurreikuspena igo egin du: %1,5 eta %1,8, hurrenez hurren.

Interes tasa txikiek eta diru merkeak erruz handitu dute likidezia. Burtsa askok inoizko kotizaziorik handienak dituzte. Draghik nabarmendu zuen hobekuntza hori ez dela soilik merkatuetan geratu, eta uste du enpresa txikiek nahiz familiek errazago dutela finantzaketa lortzeko.

Merkatuetan aurrea hartu zaie bankuak esku artean dituen neurriei. Hala, hainbat herrialdetako zorpetzeak interes negatiboak ditu. Hots, inbertitzaileak ordaintzen ari dira bonuen truke, eta ez alderantziz. EBZk baimendua izango du negatiboak diren bonuak erostea, baina %0,2ko mugarekin.

Erosketak dituen mugekin zer erosi ez izateko aukerarekin ez daude arduratuta. «Gauza bera esan zen AEBetan eta Erresuma Batuan. Ez zen ezer gertatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.