Euroa indarrean jarri zenetik, 1999an, diruaren prezioa ez da hain merke egon eurogunean: %0,50ean. Azken hilabeteetan gero eta gehiago izan dira Europako Banku Zentralari (EBZ) interes tasak jaisteko eskatu diotenak, ekonomiak hondoa jota jarraitzen baitu eurogunean, eta suspertzeko itxurarik ez du. EBZk uko egin izan dio interes tasak gehiago jaisteari —%0,75ean ezarri zituen iazko ekainean—, besteak beste, inflazioa handitzeko beldurrez. Apirileko inflazioa, baina, %1,2koa izan da, %2ko mugatik urrun, eta EBZk interes tasak jaistea erabaki du gaur, %0,75etik %0,50era. Bratislavan (Eslovakia) egin du bilera.
Interes tasek EBZk finantza erakundeei dirua zer preziotan uzten dien ezartzen du. Horrek esan nahi du herritarrek eta enpresek ere dirua merkeago lortuko dutela? Teorian bai, baina praktikan finantza erakundeak diferentzial handiekin berdintzen ari dira interes tasan jaitsiera eta maileguak ez kobratzeko beldurra. Gaur egun maileguren bat ordaintzen dutenek aldea nabarituko dute, betiere zoru klausularik ez badaukate. Horren erakusgarri da Euribor indizeak izan duen jaitsiera. Apirileko batez bestekoa %0,528koa izan da, inoizko apalena. Gaur are beherago dago, %0,51n.
Interes tasen jaitsierarekin batera beste neurri batzuk hartu ditu EBZk. Garrantzitsuenen artean dago banku zentralak gutxienez 2014ko uztailera arte luzatuko duela bankuen "barra librea" deitutakoa. Hau da, nahi beste diru utziko diela hurrengo hamalau hilabeteotan. Likidezia horren beharra dute euroaren periferiako banku askok irauteko, nahiko gordailu ez dutelako eta, batez ere, beste inork ez dielako dirurik utzi nahi. Draghiren arabera, jada ez dago aitzakiarik elkarri dirua ez uzteko eta are gutxiago eskatzen duten bezeroei dirua mailegatzeko. Edonola ere, onartu du maileguen kopurua txikitzen ari dela, bi arrazoi nagusirengatik: eskaria ez delako oso handia (ekonomiaren atzeraldiarengatik) eta bankuak oso zuhurrak direlako maileguak ematen, zuhurregiak akaso.
Ikusita banku askok ez dietela enpresa txikiei eta ertainei dirua uzten, EBZ modu bat bilatzen ari da bankuek egiten ez dutena berak edo beste erakunde batzuek egiteko. Aukeren artean dago berak —edo beste batzuek— aktiboetan oinarritutako tituluak erostea —ABS ingelesez—, baina oraindik ez dago erabakirik. Izan ere, ABS horiek izan ziren krisiaren abiapuntuetako bat, —subrime hipotekez betetako aktibo toxikoak—.
Austeritatea defendatu du Draghik, baina zertxobait bigundu du bere mezua esatean herrialde batzuei denbora gehiago eman behar zaiela defizitak gutxitzeko, betiere epe erdian kontuak orekatzeko politika uzten ez badute.