EBZk %1,25ean utzi ditu interesak, baina Trichetek igoera iragarri du uztailerako

Greziaren zorra berregituratzeari buruz, hartzekodunak ezertara behartzearen kontra dagoela adierazi du

2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Aditu gehienek espero zuten moduan, Europako Banku Zentralak %1,25ean utzi zituen atzo euroguneko interes tasak. Baina bukatu da lasaitasuna, datorren hilerako igoera iradoki baitzuen Jean Claude Trichet erakundeko presidenteak. Ez zuen argi eta garbi esan, sekula ez baitu esaten. Baina karguan daramatzan urteetan merkatuek eta adituek ikasi dute ekonomialari frantziarraren hitzak interpretatzen, eta Tricheten hizkeran aditu egin direnek diote igoera iragarri zuela datorren hilerako.

«Agian datorren bileran interes tasak igoko ditugu, baina horrek ez du esan nahi igoko ditugunik. Prezioen bilakaera zorrotz zaintzea hitzartu dugu» esanaz erantzun zion kazetari baten galderari. Uztaileko igoeraren atzetik igoera gehiago etorriko ote diren galdetuta, honakoa erantzun zuen: «Neurriak hartzen ditugu prezioak egonkor mantentzeko beharra dagoela ikusten dugunean, baina ez dugu argitu nahi interes tasen inguruan hartuko ditugun erabakien inguruan». Hitz horietatik, adituek ulertu dute uztaileko igoeraren eta hurrengo igoeraren artean hilabete batzuk igaroko direla.

Inflazioa %2tik ahalik eta hurbilen mantentzea izan da beti EBZren helburua. Langa hori gainditzen duenean prezioei gorantz tiratzen dien presioak daudela esan ohi du. Eta maiatzean %2,7ra iritsi zen euroguneko inflazioa, energiaren eta elikagaien garestitzeagatik batez ere. Horregatik erabaki zuen atzoko bileran «inflazioa zorrotz zaintzea», %2ko maila perfektutik gora dabilelako eta datozen hilabeteetan ere hala ibiliko dela uste duelako.

Euroguneko inflazioari buruzko aurreikuspenak ez ezik, hazkundeari buruzkoak ere plazaratu zituen atzo Trichetek gidatzen duen erakundeak. Aurten, euroa darabilten herrialdeetako ekonomia aurretik iragarritakoa baino zertxobait gehiago haziko dela uste du orain, %1,5 eta %2,3 artean. Likidezia bermatzeko erakundeak diru merkatuetan jarri zuen dirua erretiratzeko asmorik, berriz, ez zuen agertu Trichetek. «Beharrezkoak diren bitartean eutsi egingo diegu hartu genituen ez ohiko neurriei; gutxienez urtea bukatu arte». Euroak berehala erantzun zien EBZko presidentearen hitzei, eta %1 galdu zuen dolarrarekiko. Agerraldia hasi aurretik euro batek 1,465 dolar balio zuen; agerraldia eta gero, 1,449.

Berregituratzearen kontra

Krisiak eztanda egin aurretik, inflazioaren bilakaeraren arabera hartu ohi zuen EBZk euroguneko interes tasak igotzeko, jaisteko edo mantentzeko erabakia. Orain, ordea, gauza gehiago hartu beharra dauzka kontuan, tasa altuegiek arazotan diren herrialdeen egoera okertu dezaketelako. Dudarik gabe une hauetan Grezia da zulotik ateratzeko zailtasunik handienak dituen herrialdea. Elstat Greziako estatistika agentziak atzo jakitera eman zuenez, aurtengo lehen hiruhilekoan iaz garai berean baino %6,5 gehiago esportatu du herrialdeak, baina %5,5 uzkurtu da hango ekonomia. Europako Batasuneko gainontzeko kideak gehien kezkatzen dituena, ordea, ez da atzeraldia, zorra pagatzeko dituen zailtasunak baizik.

Herenegun, zorraren ordainketa zazpi urtez atzeratzea proposatu zuen Wolfgang Schäuble Alemaniako Ogasun ministroak. Haren ustetan, hartzekodunpribatuek «nabarmen» parte hartu beharko lukete bigarren erreskate horretan. Beren eskuetan dituzten zor bonuak beste batzuengatik ordezkatu beharko lituzkete, ordainketa epe luzeagoa duten beste batzuengatik hain zuzen.

Trichetek erantzun zion EBZ ez dagoela Greziaren zorra berregituratzearen alde. «Erabat borondatezkoa ez den edo derrigor bete beharreko elementuren bat duen irtenbide ororen kontra gaude, eta euroa darabilten herrialdeek badakite hori». Berlinek proposatutako soluzioa onartzera, ordea, hartzekodun pribatuek nahitaez onartu beharko lukete dituzten bonuak beste batzuengatik aldatzea, eta haiengatik dagokiena zapi urte beranduago jasotzea.

Trichet Frankfurten Greziaren zorraz hizketan ari zen bitartean, portuetako, bankuetako, ospitaletako langile publikoak greban ziren Grezian, gastua murrizteko azken neurrien kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.