EBZk %1ean utzi ditu interes tasak, eta ez ditu aldatuko hurrengo hiletan

Maileguan emandako dirua enpresei eta herritarrei helarazteko eskatu die bankuei Jean Claude Trichetek

Iker Aranburu.
2009ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Euriborrak beherako bidean jarraitzen du, eta %1,486an geratu zen atzo, inoiz izan duen mailarik txikienean. Askoz gehiago jaisteko tartea, ordea, murrizten ari zaio, aldi baterako Europako Banku Zentralak interes tasak %1ean uzteko asmoa duelako.

Atzo bildu zen Luxenburgon EBZko gobernu kontseilua, eta, espero zenez, interes tasak ez aldatzea erabaki zuen. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak ziurtatu zuen «maila egokian» daudela. Trichetek ez zuen baztertu interes tasak noizbait %1etik behera jaisteko aukera, baina hala egingo duenik iradoki ez zuenez, oso litekeena da datozen bileretan berdin uztea.

Aditu batzuek ez dute espero mugimendurik datorren urteko erdialdera arte, eta orduan, gainera, gora egiteko izango litzateke. Izan ere, Trichetek atzo berretsi zuen EBZk espero duela atzeraldia mantsotzea urteko bigarren erdian eta datorren urtearen bigarren erdian hasteaekonomia berriz gora egiten. Eta ekonomia bere okerrenean dagoenean interes tasak ez baditu %1etik jaitsi, ez dago arrazoi handirik gauzak hobeto doazenean egiteko. Hau da, euriborraren jaitsierak aurki topatuko duela bere beheko muga.

Interes tasetan baino gehiago, EBZ ekonomia bultzatzeko beste neurrietan dago kontzentraturik.Joan den astean 442.200 milioi euro utzi zien urtebeterako bankuei, inoiz egindako mailegurik handiena. Diru hori enpresei etaherritarrei heltzea espero du Trichetek, eta dei egin die bankuei maileguak emateko.

Hurrengo asteotan 60.000 milioi euroko hipoteka agiriak erosiko ditu, enpresen finantzaketari laguntzeko. Euroaren eremukobonu bermatu horien %8 geratuko dira EBZren esku, atzo Trichetek zehaztu zuenez.

EBZko buruak garrantzia kendu dio lehen aldiz eurogunean inflazioa negatiboa izateari (-%0,1), haren iritziz, epe luzean bere gogoko mailara igoko delako-%2ren inguruan baina azpitik-. EBZren azken txostenak, ordea, iragarri du datorren urtean %0,6 eta %1,4 artean izango dela.

Trichetek onartu egin zuen langabeziak gora egingo duela datozen hilabeteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.