Krisia eurogunean

EBZk dirua merkatu du, baina eragina mugatua izango da

Europako Banku Zentralak interes tasak %1etik %0,75era jaitsi ditu, inoizko maila apalenera, ekonomia suspertzeko asmozBankuek ez dute dirurik jasoko EBZren gordailuan dirua uzteagatik

EBZk dirua merkatu du, baina eragina mugatua izango da.
jakes goikoetxea
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentralak (EBZ) dirua inoiz baino merkeago eskainiko du: interes tasak %1etik %0,75era jaitsi zituen atzo. Berez, erabakiak mailegu berriak merkatu eta erraztu beharko lituzke, maileguekin ekonomia suspertu eta bankuak elkarri dirua uztera bultzatu. Baina egungo egoeran zaila da hala gertatzea: finantza erakundeek maileguen diferentzialekin berdintzen dituzte interes tasen jaitsierak, jaso duten dirua ez da iristen ekonomia errealera eta finantza erakundeak ez dira elkarrekin fio.

Finantza merkatuentzat ez da ezer aldatu: Espainiaren arrisku saria 539 puntura igo zen (+44) eta Italiarena 460ra (+28). Espainiaren hamar urterako zor bonuen interesa %6,8tik pasa zen. Europako burtsa nagusiek galerak izan zituzten. Handiena Madrilgo Ibex 35 indizeak, %2,99koa.

Espero zen EBZk interes tasak jaistea. Ekaineko bileran egin zezakeela esan zen orduan. Hilabete geroago egin du, eta ezin da baztertu datozen hilabeteetan diruaren prezioa %0,5era jaistea. Maila horretan dauzka interes tasak Ingalaterrako Bankuak, eta %0tik gertu Ameriketako Estatu Batuetakoak eta Japoniakoak.

Ez da kasualitatea interes tasen jaitsiera atzo onartzea. Europako Batasuneko agintariek quid pro quo-aren bidez funtzionatzen dute periferiako herrialdeekin: laguntza bai, baina neurrien truke. EBZk ere bai Europako Batasunarekin: moneta politikari buruzko neurriak bai, baina erabakiak hartzen dituztenean. Iragan asteko goi bilerako erabakiak eta gero erabaki du interes tasak jaistea. Erabakiak txalotu zituen atzo Mario Draghi EBZko presidenteak.

Ekonomiaren motelaldiak bultzatu du interes tasak jaistera. Baita inflazioaren aurreikuspenek ere. Inflazioa jada ez dela mehatxua onartu du EBZk, inflazioaren zaindariak. %2tik azpiko inflazioa espero du 2013an.

Mailegu gutxiago

EBZren erabakia eta gero, baina, galdera da: finantza erakundeek maileguak merkeago emango al dizkiete herritarrei eta enpresei? Ziurrenik ez. Gaur egun emandako maileguen kopurua jaitsi egin da, eta mailegua nahi dutenei baldintza gogorragoak ezartzen dizkiete.

Finantza erakundeek dirua merkeago eskuratuko dute EBZtik. Teorian, merkeago eskaini beharko lukete, baina orain arte, %1eko interes tasekin, maileguen diferentzialak handitu dituzte. Duela urte batzuk ohikoa zen, esaterako, hipoteka mailegua Euriborra gehi %1etik beherako diferentzialarekin kontratatzea; gaur egun, aldiz, oso zaila da halako diferentzialak lortzea, eta ohiko bihurtu dira %2tik eta baita %3tik gorakoak ere.

Euriborra bankuek elkarri dirua uzten dioten interesen batez bestekoa da. Epe ezberdinetakoak daude, baina normalean urtebeterako Euriborra erabiltzen da hipoteken interesak kalkulatzeko. Euriborrak egunero kotizatzen du eta eguneko balioekin hilabeteko batez bestekoa ateratzen da. Batez besteko hori erabiltzen da hipotekak berrikusteko.

Dena den, Euriborra ez da erabiltzen hipoteka maileguak kalkulatzeko bakarrik. Beste mailegu askoren erreferentzia ere Euriborra izaten da, enpresei ematen dizkieten askorena, esaterako.

Interes tasak inoizko mailarik apalenera jaitsi aurretik ere, Euriborraren eguneroko kotizazioa historiako kopuru txikienetan dago: %1,202 atzo. Ekaineko batez bestekoa historiako bigarren apalena izan zen; martxa honetan, uztailekoa txikiena izango da.

Hilabeteotan hipoteka maileguak berrikusi dituztenek nabaritu dute jaitsiera (zoru klausula dutenek ez). Hala ere, Hego Euskal Herrian, hipoteka maileguan aurreztutakoaren zati bat Espainiako Gobernuaren zerga igoerei eta murrizketei aurre egiteko beharko dute. Gaurko Ministroen Kontseiluan eta datozenetan hainbat neurri hartuko ditu, Europako Batasunak behartuta: BEZ balio erantsiaren gaineko zerga igotzea, funtzionarioei soldatak jaistea, langabezia sariak mugatzea edo txikitzea, erregaiak garestitzea...

Interes tasak jaistea ez zen izan atzoko erabaki garrantzitsu bakarra: uztailaren 11tik aurreraEBZk ez die dirurik ordainduko erakundearen gordailuan egunero dirua uzten duten finantza erakundeei. Finantza erakundeen arteko mesfidantza handia da, nekez uzten diote dirua elkarri. Kasu askotan, nahiago dute dirua EBZren gordailuan uztea eta etekin txikiagoa lortzea, elkarri utzi eta etekin handiagoak lortzeko aukera izatea baino. EBZk %0,25eko interesa ordaintzen zien bankuei dirua bere gordailuan uzteagatik. Uztailaren 11tik aurrera ezer ez.

800.000 milioi euro, geldirik

EBZk, erabaki horrekin, finantza erakundeak gordailuko dirua atera eta inbertitzera edo uztera behartu nahi ditu. 800.000 milioi euro dauzkate bertan.

Momentuz, EBZk ez du ezohiko neurririk hartuko: alde batetik, ez du herrialdeen zorra erosiko zorraren bigarren mailako merkatuetan, Espainiak eta Italiak ez dute EBZren laguntza zuzena eta baldintzarik gabea jasoko; bestetik, finantza erakundeei ez die luzera begirako likidezia gehiago eskainiko. Jada bilioi bat euro utzi dizkie, %1eko interesarekin. Likidezia enkanteak iragarri zituenean Draghik esan zuen diru merke horren helburua dirua ekonomia errealera iristea zela, baina ez da iritsi. Finantza erakundeek dirua herrialdeen zorrarekin negozioa egiteko eta diru kontuak txukuntzeko baliatu dute.

EBZ ez da bakarra izan. Ingalaterrako eta Txinako banku zentralek neurriak hartu dituzte ekonomia suspertzeko. Ingalaterrako Bankuak 50.000 milioi libera esterlinaren zor bonu publikoak erosiko ditu (62.625 milioi euro), likidezia eskaintzeko. Orain arte 375.000 milioi libera esterlina gastatu ditu halako operazioetan (470.000 milioi euro). Txinakoak interes tasak jaitsi ditu, hilabetean bigarren aldiz. %6tik behera daude orain. Ekainean jaitsi zituen hiru urtean lehen aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.