Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak gaur 14:30etik aurrera argitu beharko du ea zer esan nahi izan zuen uztailaren amaieran euroa salbatzeko «edozer» egiteko prest zegoela azaldu zuenean. Bloomberg agentziaren arabera, EBZk arazoak dauzkaten herrialdeen epe motzeko zorra erosiko du, mugarik gabe, zorraren bigarren mailako merkatuetan. Gehienez ere, hiru urterako zorra erosiko du, eta EBZ ez da lehentasunezko hartzekoduna izango herrialdeak zorra ordaintzeari uzten badio. Helburua arrisku sariak jaistea da, eta Espainiari eta Italiari egingo die mesede batez ere.
Draghik argitu beharko du herrialdeek ze baldintza bete beharko dituzten zorra erostearen truke. Berez, herrialdeek erreskatea eskatu beharko diote EFSF behin-behineko erreskate funtsari, EBZk zorra erosi aurretik.
EBZk Alemaniaren presioari aurre egin behar izan dio, Alemania herrialdeen zorra erostearen kontra baitago. Alemania beldur da besteak beste zorra erosita inflazioa handituko dela. Horregatik, Bloombergen esanetan, EBZk herrialdeen zorretan gastatutako diru kopuruaren parekoa aterako du merkatutik, inflazioa ez handitzeko, finantza erakundeei gordailuak eta bonuak eskainiz.
EBZk herrialdeen epe motzeko zorra erosiko du, Bloombergen arabera
Agentziak dio erositako zorraren pareko kopurua aterako duela merkatutik, Alemania ez haserretzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu