Ekaitz perfektua ari da sortzen Greziaren gainean, eta datorren astelehenean trumoi eta tximista ikaragarriak izateko itxura du. Eurogunearen atzoko bilerak porrot egin ostean, EBZk berak zalantzan jarri zuen Greziako bankuak astelehenean irekitzeko gai izango ote diren, diru faltagatik. Gaur bertan ohiz kanpoko bideokonferentzia egin dute Mario Draghiren erakundeko agintariek, Greziako bankari laguntza gehiago eman ala ez erabakitzeko. Gutxienez astelehenean bankuak zabaltzeko adina diru uztea erabaki du Frankfurteko bankuak.
EBZk larrialdiko likidezia lerroaren bidez (ELA, ingelesez) bermatzen du Greziako bankuen likidezia, eta astero erabakitzen du Frankfurtek laguntza lerroaren kopurua mantendu ala handitu. Azken erabakia herenegun hartu zuen, laguntza 1.100 milioi eurotan handitzea, Atenasen eskura 84.100 milioi euro lagatzeraino. Baina bi egun geroago, kopuru hori ez da nahikoa, Eurotaldeak atzo ez zuelako konpondu Greziaren krisia. Atzo gauean bertan 3.000 milioi gehiago eskatu zizkion Greziako Banku Zentralak EBZri, bankuak gutxienez datorren eguaztenera arte zabalik izateko. EBZk onartu du ELA handitzea, baina eskatutakoa baino diru gutxiago jarrita. Financial Times kazeta ekonomoikoaren arabera, EBZk jarritako diruarekin soilik astelehenera arteko likidezia bermatu die banku greziarrei. Martitzenerako, beraz, zabalik jarraitzen du corralito-aren mehatxuak.
Astelehena egun erabakigarria izango da Greziarentzat eta eurogunearentzat. Egun horretan Eurotaldeak bilera berezia egingo du 15:00etan Greziaren inguruko konponbide bat bilatzeko, beste behin. 19:00etan, berriz, euroguneko estutuburuek eta gobernuburuek egingo dute bilera, "maila politiko gorenean" Greziaz erabakitzeko. Egun horretan zirt edo zart egitea erabaki behar lukete bai Atenasek bai Bruselak. Hala ere, aditu batzuk oraindik ere datorren aste amaierara arte atzeratu dute azken minutuko akordioa lortzeko itxaropena. Izan ere, Europako Kontseiluak bilera izango du hilaren 25ean eta 26an.
Ekainaren 30ean, Greziak NDFri 1.600 milioi ordaindu behar dizkio NDFri, eta egun berean agortuko zaio otsailaz geroztik luzatutako bigarren erreskatea —oraindik jaso ez dituen 2.700 milioiak—. Christine Lagarde NDFko buruak atzo nabarmendu zuen Atenasek hilaren amaieran ordainketa egiten ez badu, default egoeran deklaratuko duela NDFk. Hau da, ordainketak etenda, zordun. Lehenago troikarekin itunik lortu ezean, egoera asko zailduko litzateke Greziarentzat, eta indar handia hartuko luke eurogunetik ateratzeko aukerak.
Tsipras: "Errusian nago, dagoeneko Europa ez delako munduaren erdigunea"
Bien bitartean, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Errusian dago, San Petesburgoko Ekonomia Foroan. Grezia ekaitz betean dagoela aitortu du: "Ekaitz betean gaude, baina itsasoan ondo moldatzen dakien herrialdea gara eta ekaitzak ez gaitu beldurtzen, eta ozeano berriak deskubritzeak eta portu seguruagoetara ailegatzeak ere ez gaitu beldurtzen".
Tsiprasek Turkish Stream gas-hodia Greziatik pasatzeko ituna sinatu du Moskuko gobernuarekin. Tsiprasek, baina, gas-hodiaz baino berba gehiago egin du Greziaren egoera ekonomiko larriaz: "Greziaren arazoa dela esaten dute, baina ez da Greziaren arazoa, Europaren arazoa baizik. Kontua da ea EB gai den bere jatorrizko elkartasun eta justizia soziala berreskuratzeko". Negoziazioen une kritiko honetan Errusian egotaren arrazioa ere aipatu du gobernuburuak: Europan pentsatzen genuen munduaren zilborra ginela, eta bakarrik gure hurbileko kideekin genuen elkarlana. Baina munduaren erdigunea tokiz aldatu da".