Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak Espainiako Gobernuak Bankiaren inguruan egindako kudeaketa kritikatu du gaur, eta euroa eta finantza sistema salbatzeko "bankuen batasuna" beharrezkoa dela nabarmendu du.
Europako Parlamentuan hitz egin du Draghik. "Bankiaren kasuak [eta Dexiarenak] erakusten du gobernuen ikuskatzaileen jarrera arazoa gutxiestearena dela, eta gero ebaluzio bat, bigarrena, hirugarrena, laugarrena aurkezten dituztela". Draghiren arabera, "herrialde guztiek" gauza bera egin dute, arazoaren tamaina onartu aurretik.
"Hori da gauzak egiteko modurik okerrena. Guztiek zuzen jokatu nahi dute, baina kostu eta prezio altuenean izaten da". Draghik uste du hobe dela "gardentasunean urrunegi joatea", motz geratzea eta ondoren "modu mingarrian" ohartzea baino.
Espainiako Gobernuak ez dio oraindik Bankia onbideratzeko planaren berri eman Europako Batzordeari.
Gerry Rice Nazioarteko Diru Funtseko ordezkariak gaur azaldu du ez dutela Espainia erreskatatzeko planik buruan, eta gogorarazi du Espainiak ez diela "laguntzarik" eskatu.
Ricek adierazpenok egin ditu Nazioarteko Diru Funtseko Christine Lagarde Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearekin bildu aurretik.