Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak aurreko hilaren amaieran iragarri zuen euroari eusteko beharrezko guztia egingo dutela, baina Frankfurteko gaurko batzarrean, behintzat, herrialdeen zorra zorraren bigarren mailako merkatuetan ez erostea erabaki du EBZk.
Draghik hura esan, eta merkatuek ulertu zuten EBZ Espainiaren eta Italiaren zorra erosten hasiko zela. Baina EBZk, oraingoz, ez die laguntza zuzenik emango.
”Euroa atzeraezina da”, esan du gaur EBZko buruak. Hala ere, uste du erantzukizuna politikariena dela eta diziplina fiskalean oinarritu behar dutela. Haren arabera, herrialdeek EFSF eta ESM erreskate tresnak baliatu behar dituzte zorra erosteko, baldintza makroekonomikoak bete behar dituzte eta gero esku hartuko luke EBZk.
Draghiren esanetan, Europako Banku Zentralak datozen asteetan eztabaidatu eta erabakiko du nola esku hartu zor merkatuetan. Azaldu du zorra eros dezaketela arrisku saria jaisteko.
Espainiaren eta Italiaren zorra erosiz gero, ez litzateke lehen aldia izango, baina bost hilabete daramatza egin gabe.
Interes tasak, %0,75ean
EBZk lehengoan utzi ditu interes tasak: %0,75ean. Uztailaren hasieran jaitsi zituen horra, %1etik. Halaber, Frankfurten egindako bileran, bankuek EBZn gordailu gisa utzitako likidezia soberakinak ematen zuen interes atxikia %0ean utzi du, lehen bezala. Uztailaren hasieran ezabatu zuen hori, diruaren zirkulazioa areagotzeko asmoz. Ordura artean arte %0,25eko interes ordaintzen zien bankuei EBZren kutxan dirua uzteagatik.