Diru politika

EBZk zor pribatua erosiko du urritik aurrera

ABS izeneko aktiboak erosiko ditu lehenik. Zor publikoa erosteko aukera hurrengo baterako gorde du. Interes tasak %0,05era jaitsi ditu, historiako maila apalenera.

Mario Draghi EBZko presidentea. BORIS ROESSNER / EFE
Iker Aranburu.
2014ko irailaren 4a
07:40
Entzun

Inor gutxik espero zuen halakorik. "Prest gaude gure politika haratago eramateko", esan zuen Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak abuztuaren 22an, Jackson Holen (AEB). Baina ikusteko zegoen horrek zer esan nahi zuen. EBZk gaurko bileran zehaztu du: interes tasak jaistea, egungo %0,15etik %0,05era jaistea, historiako maila apalenera. Draghik zehaztu du ez dituela gehiago jaitsiko.

Horrek baino eragin handiagoa izan beharko luke banku zentrala zor pribatua erosten hastea. EBZren helburua da Europako ekonomiaren suspertze ahula sendotzen saiatzea, eta deflazioaren arriskua uxatzea. Bankuei zor pribatua erosita pentsatzekoa da finantza erakundeek diru gehiago izango dutela enpresei eta herritarrei uzteko, eta mailegu horiek kontsumoa eta inbertsioak handituko dituztela.

Draghik azaldu duenez, mota askotako ABSak erosteko asmoa dute. Morgan Stanleyk kalkulatu du 690.000 milioi euroren aktiboak daudela ABSen merkatuan, eta EBZk horietatik %10 eta %15 artean erosiko dituela.  

Ekainean aipatutako beste neurri bat ere indarrean jarriko du EBZk: TLTRO izenekoa. Bi hitzetan, bankuei finantzaketa merke masibo bat egingo diela EBZk, baina baldintza batekin: uzten zaien dirua familientzako eta finantza arlokoak ez diren enpresentzako maileguetara bideratu behar direla. Etxebizitza erosteko maileguak TLTRO programatik kanpo geratuko dira. Ekainean, Draghik esan zuen 400.000 milioi euro bideratzea espero zutela programa horren bidez.

Draghik onartu du erabakiak ez direla aho batez hartu. Horrekin ulertu behar da EBZko belatzek, Alemaniako Bundesbank buru dutela, ez dutela ekonomia sustatzeko neurrien aldeko botorik eman. Draghiren agerraldian bertan kazetari alemaniarrek adierazi dute kezka handien neurri horiek izan ditzaketen kalteei buruz.

Gordailuak

Ekainean hartutako beste neurri batean harago joatea erabaki du EBZk: banku zentralean dirua uzten duten finantza erakundeek %0,2ko interesa ordaindu beharko diote; aurretik %0,1eko tasa zen. Ohikoena kontrakoa da, banku zentralak interes bat pagatzea dirua bere kutxetan gordetzen dutenei. Neurri horrekin finantza erakundeak maileguak ematera bultzatu nahi ditu. 

Euroak indarra galdu du dolarrarekiko ekainean Draghik iragarri zuenetik prest zeudela neurri gehiago hartzeko. 1,36 dolar balio zuen euro bakoitzak ekainaren hasieran, eta 1,31 inguruan zegoen gaur goizera arte. Gaur, are gehiago jaitsi da, 1,30era. Burtsek ere harrera ona egin diote interes tasen jaitsierari. 

Aurreikuspenak

Hazkunde aurreikuspenak ere berritu ditu EBZk, okerrera, noski: %0,9 aurten, eta %1,6 datorren urtean. Bigarren aldia da aurten iragarpen hori jaisten duela: martxoan %1,2ko hazkundea espero zuen, eta %1ekoa ekainean. 

Inflazioa ere nahi baino txikiagoa izango dela aitortu du Draghik. Aurten, %0,6 izan beharko luke; 2015ean, %1,1 2015ean, eta hurrengoan, %1,6. %2ren azpitik baina gertu, hori da EBZren helburua. Azken datua, abuztukoa, %0,3 da. Edonola ere, Draghik ziurtatu du ez duela deflaziorik ikusten (ekonomia seko geratzen duen prezioen jaitsiera jarraitu bat). 

Draghik nabarmendu du banku zentralaren diru politika ez dela nahikoa euroguneko ekonomia sustatzeko, eta gobernuek bere esku dituztela hainbat gako. Ohikoa duen moduan, batez ere Frantzia eta Italian buruan zituela, lan merkatuak gehiago liberalizatzeko neurriak eskatu ditu, baina halaber aipatu du gobernu batzuk badutela tartea eskaria handitu dezakeen neurri fiskalak hartzeko. Hori bai, muga bat badela oroitarazi die: defizitak %3tik behera egon behar dutela dioen Egonkortasun Ituna. Paktu hori malgutasunez interpreta daitekeela onartu du, ordea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.