Zorraren krisia

EBZren esku hartzeak ez ditu baretu zor merkatuetako tentsioak

Espainiaren eta Frantziaren arrisku sariak inoizko mailarik handienera iritsi dira; gaur, zorra merkaturatuko dute bi herrialdeekItaliak erreskatearen atarian jarraitzen du, %7tik gorako interesa eskatzen diotelako

2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aurreikuspenek zioten atzokoa egun lasaia izango zela Europako zor merkatuetan, Mario Montik Italiako gobernu talde berria aurkezteak giroa lasaitzeko balioko zuelako. Baina usteek erdia ustel. Goizean goizetik urduritasuna egin zen merkatuen jabe, eta arrisku sariek igoera indartsuekin hasi zuten saioa, marka berriak eginez. 10:00 aldera, EBZ Europako Banku Zentrala Italiaren eta Espainiaren zorra erosten ari zen zurrumurruek lagunduta, baretzera egin zuen giroak. EBZk ezer baieztatu ez zuen arren, hainbat informazio iturrik jakinarazi zuten 1.500 milioi euroren bonuak erosi zituela erakundeak, %75 Italiarenak eta %25 Espainiarenak. Lasaitasunak ez zuen luze iraun, ordea, eguerdi parterako berriz ere gorabidean baitziren inbertsiogileen jopuntuan diren herrialdeen arrisku sariak. Burtsetan, aldiz, txikiak izan ziren galerak, eta txikiak irabaziak.

Aurreko egunetako joerari jarraiki, atzo ere Espainiak eta Italiak hartu zuten jipoirik handiena, finantza erreskatearen atarian jarri baitzituzten inbertsiogileek. Espainiaren arrisku sariak —hamar urterako zor bonuetan Alemaniarekiko ordaindu beharreko diferentziala—marka berria egin zuen goizeko lehen orduetan, oinarrizko 460 puntuak gaindituta: zehazki, 466 puntura iritsi zen. Egunean zehar gorabehera handiak izan zituen; EBZren esku hartzeari esker 440 punturaino ere jaitsi zen, baina saioa arrisku gunean bukatu zuen, oinarrizko 460 puntutan. Horrek esan nahi du Espainiaren hamar urterako zor tituluengatik inbertsiogileek %6,4ko errentagarritasuna eskatu zutela bigarren mailako merkatuan, oso errentagarritasun handia. Gaur 4.000 milioi euroren zorra merkaturatzekoa da Espainia.

Okerren, Italia

Espainia gaizki, eta Italia okerrago. Haren arrisku sariak ez zuen marka berririk egin, baina oinarrizko 500 puntuen gainetik igaro zuen egunaren zatirik handiena. Eguna 545 punturen bueltan hasi zuen, hamar urterako bonuen errentagarritasuna inbertsiogileei zein estatuei izua eragiten dien %7ko muga horren gainetik zela. Goiz erdian, EBZren laguntzarekin, 497 puntura arte jaitsi zen, eta Mario Montiren gobernu talde berriaren aurkezpenak are gehiago jaitsaraziko zuela uste zuten adituek. Baina ez, saioa oinarrizko 519 puntutan bukatu zuen.

Miguel Puente Europako Batzordeak Madrilen duen bozeramaileak «Greziako krisiaren kutsadura efektuari» bota zion inbertsiogileen ezinegonaren errua, «berez, Espainiaren eta Italiaren datu makroekonomikoak ez direlako horren txarrak». Jose Manuel Campa Espainiako Ekonomiako estatu idazkariak ere garrantzia kendu nahi izan zion Espainiak jasandako erasoari, «arrazoirik gabekoa» izan zela argudiatuta. Kontsolamendu gisa, ziurgabetasuna «orokorra» dela adierazi zuen, alegia, beste herrialde batzuei ere eragiten diela.

Eta horretan arrazoi du Campak, euroguneko hamazazpi herrialdetatik hamabi baitaude inbertsiogileen presiopean. Italiaren eta Espainiaren atzetik, Belgikak ditu merkatuetan finantzatzeko arazorik handienak, Dexiaren porrotaren ondorioz hango finantza sistemaren osasunaren inguruan sortu diren zalantzengatik, batez ere. Herenegun lehenengoz, oinarrizko 300 puntuak gainditu zituen haren arrisku sariak. Atzo, baina, zazpi puntu jaitsi zen, 306 puntura arte.

Frantziaren arrisku sariak, ostera, marka berria egin zuen atzo, 192 puntura iritsita. Hango gobernuaren irudiko, ez dago justifikatuta inbertsiogileak Frantziari egiten ari diren erasoa: «Defizita eta zorra murrizteko hartu ditugun neurriek sinesgarritasuna ematen diotelako gure estrategia ekonomikoari». Gaur, 6.000-7.000 milioi euroren zor bonuak merkaturatzekoa da Frantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.