Rodolfo N. igeltseroa 2017ko maiatzean hil zen, pleurako mesotelioma baten ondorioz. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gasteizko Epaitegiaren epaia, eta baieztatu du beharginak gaixotasun hori garatu zuela hainbat urtetan Echeverria Cablerias del Norte enpresan amiantoarekin lanean jarduteagatik.
Gizarte Segurantzak laneko gaixotasunengatik hildakoei ematen zaien prestazioa eman beharko dio aurrerantzean haren alargunari, hasiera batean dirusari hori ukatu egin zion arren; horregatik jo behar izan zuen epaitegietara.
Igeltseroa 1966. eta 1997. urteen artean jardun zen Cablenorren lanean; besteak beste, uralitazko sabaiak eta tximiniak konpontzen zituen, eta amiantozko adreiluekin eginiko galdaren mantentze lanez ere arduratzen zen. Hori guztia behar adinako babes neurririk gabe.
Pleurako mesotelioma 2016an atzeman zioten; minbizidun tumore bat da hori, amiantoak duen asbestoa arnastu ondoren garatzeko 30 urte inguru behar izaten dituena.
Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak pozik hartu du auzitegiaren erabakia, «mesoteliomaren jatorri profesionala erakusten duelako eta egia ezkutatzeko Gizarte Segurantzak, Mutualiak eta ECN enpresak egin dituzten saiakerak zapuzten dituelako».