Gaur CNArekin egindako bileratik ezer gutxi atera du Edesako langile batzordeak, eta talde katalanak langile guztiak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztuko du astelehenean.
Langile batzordeak enpresaren jabeei azaldu die langileek ez dutela CNAren azken proposamena onartzen, besteak beste, 167 langileren kaleratzea eta Arrasateko Garagartzako lantegia ixtea ekarriko lukeelako. Langile batzordearen aburuz, horrek erakusten du proposamenaren atzean ez dagoela egiazko egitasmo industrialik. "Azaldu diegu Garagartzako ekoizpena dela fabrikazio proiektu bati eutsi ahal izateko berme bakarra". Gainera, batzordeak berretsi die Garagartzako lantegia egokitu daitekeela ekoizpen beharretara.
CNAk erantzun die negoziatzen jarraitzeko borondatea duela eta "proiektuaren balizko etorkizunaren alde" lanean segituko duela. Hori bai, joan den astean iragarritakoari jarraituz, Edesa Industrialeko eta Geyserreko langile guztiak kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztuko du astelehenean. CNAk joan den astean egindako azken proposamenean, dosier horretatik 160 langile salbatzeko aukera ematen zuen, %10eko soldata jaitsierarekin, Eskoriatzako (Gipuzkoa) bi lantegietan eta Basaurikoan (Bizkaia) lan egiteko.