Ekonomia

Edesa Industrialeko langile batzordeak utzi egin du negoziazio mahaia

Langileen ordezkariek ez dute onartu Garagartzako lantegiko garbiketa ekoizpeneko lerroa ixteko erregulazio espedientea. CNArekin "erabateko konfrontazioan" daudela diote, haren jokabide "ilun eta nahasgarriengatik".

Edesa Industrialeko langileak protestan Garagartzako lantegiaren atarian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Irune Lasa.
2017ko uztailaren 10a
12:51
Entzun

Urriaren 25era arte baliagarria den suspentsioko erregulazio espediente bat dago Edesa Industrialen Garagartzako lantegian. Baina hori ez du nahikoa CNA Group enpresak, eta garbiketa ekoizpeneko lerroaren gainean extintzioko erregulazio espedientea ezarri nahi du. Gaur goizean hori azaldu dio enpresak langile batzordeari. Langileen ordezkariek ez dute asmo berri hori onartu, eta altxatu egin dira negoziazio mahaitik.

Garagartzako langileen ustez, garbiketa lerroa ixtea onartzeko eskatzerakoan "isolatutako erabaki bat onartzea nahi dute, argi egonik zerbait sakonagoaren barnean txertatuta dagoela". Langile batzordeak susmoa du "CNAk ezin duela enpresa hau aurrera atera orain osatuta dagoen moduan". Kataluniako taldea Edesa bideragarri egingo lukeen inbertsiogile bat sartzea pentsatzen ariko litzateke, langileen ordezkarien ustez, eta azken erregulazio espedientea "plan horren parte litzateke".

Enpresaren aldetik, bilkurara soilik Edesa Industrialeko giza baliabideetako zuzendaria aurkeztu da, batzordearen harridurarako. Joan den ostegunean kargugabetu zuen CNAk Edesako zuzendari nagusia, Francisco Martin. "Ez dugu enpresaren bideragarritasun plana ezagutzen, eta ez dakigu nork hartuko duen zuzendaritza", gaitzetsi du langile batzordeak.

"Nonbaiten gure etorkizuna erabakitzen ari dira. Onartezinak dira jokabide ilun eta nahasgarri horiek", adierazi du langile batzordeak agiri batean. "Egia esaten ez diguten bitartean, CNArekin konfrontazio erabatekoan gaude".

Fagor Etxekotresnak zena Edesa Industrial bilakatu zen Kataluniako CNAk eskuratu zuenean. 100 milioi euroren zorrak ditu Edesak gaur egun, eta konkurtso aurrekoan dago, CNAren arabera astia izan dezaten hartzekodun bankuekin zor hori berregituratzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.