Basauriko lantegiko behargin ohiek uste dute Ecomacen aukera aproposa litzatekeela, "enplegua sortzeko eta lanpostu kopuru garrantzitsu bati eusteko apustua" egiten duelako. 230 behargin inguru zituen lantegiak.
Exabier Arrieta ordezkariak azaldu duenez, Ecomaceko arduradunak harremanetan jarri dira eurekin, eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko asmoa agertu diete. Jakinarazi du "aspalditik" daudela harremanetan inbertsio funts txiletarrarekin, baita Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere.
Diputazioak, hain justu, babestu egin du Ecomacen eskaintza, eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak iragarri du Batzar Nagusietan Edesaren kontratua babesteko hiru milioi euroko bermea jartzea proposatuko duela. Gauza bera proposatu zuen iazko azaroan, Basauriko etxetresnen lantegia likidaziora joatea saihesteko asmoarekin.
Arrietak azaldu du gainerako enpresak ez direla eurekin kontaktuan jarri haien eskaintzaren berri emateko.
Eskaintza gehiago
Taurus Espainiako taldeak eta Italiako Aristonek ere eskaintza egin dute Fagor Etxetresnen markentzat, baina ez batak ez besteak ez dute lanposturik eskaintzen.