EKONOMIA

Edesako langileek ere aitortu dute lehen urteetan galerak izango zituela bideragarritasun planak

Edonola ere, apurka berreskuratzen joango ziren galerak zirela esan dute gaur goizean. Korporazioa irtenbide baten alde lanean aritu dela esan du Arantza Tapiak, eta gaineratu Fagorreko lanpostuen alde lanean jarraituko duela Jaurlaritzak.

Edesako langileen agerraldia. ARGAZKI PRESS
2014ko otsailaren 15a
16:19
Entzun

Ez zeuden gustura Edesako langileak. Eta horren adierazle ziren gaur goizean lantegian bildu diren beharginen aurpegiak. Luzeak eta ilunak. Eta baita malkoren bat isurtzen zuenik ere. Duela hiru hilabete aurkeztu zuten bideragarritasun planak etorkizuna zuela sinetsita zeuden, lehen urtean %55eko galerak aurreikusten zituzten arren. Hurrengo urteetan %30ekoa izango zela ere biltzen zuen bideragarritasun plan horrek. Baina ondoren apurka berreskuratzen joango zen proiektua zen langileena.

PwC ikuskaritza multinazionalaren IBR azterketaren (Independent Business Review) arabera hartu zuen Mondragon taldeak Edesaren bideragarritasun plana ez babestea. "Epe ertain eta luzera zalantzak sortzen dituelako". Eta horretaz jakitun dira Edesako langileak, eta galdera egin: "Noski edozein enpresa proiektuk arriskuak ditu epe ertain eta luzera. Ezinezkoa da zalantzarik sortzen ez duen proiekturik aurkeztea, eta are gutxiago egungo testuinguruan".

Mondragonen ezetzaren ondoren, amaitutzat eman dute euren borroka Edesako langileek. Eurek bakarrik ezingo liokete aurre egin proiektuari, eta hala izateko erakundeen laguntza beharko lukete. "Eta hori berehala izan beharko luke", esan du Cristina Lopez langileak. Borroka amaitu bada ere, itxialdian jarraituko dute hilaren 25era arte gutxienez. Orduan asanblea egingo dute beharginek, lan erregulazio espedientea bozkatzeko. Ondoren egin beharrekoa erabakiko dute orduan. Eta itxialdiak bitarte horretan izango duen aldarrikapena ere argitu du Lopezek: "Leku aldatzeak exijituko ditugu, eta irtenbide egokiak talde ahulenentzat. Hau da, erretiroa hartzera doazenentzat".

Jaurlaritzaren "errespetu osoa"

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak Euskadi Irratian jardun du, Mondragon Taldeak Edesa laguntzeko planari ezezkoa eman eta biharamunera. Erabaki horri "errespetu osoa" adierazi dio Tapiak, eta gaineratu du korporazioak "bideragarritasun irizpideei" jarraituz hartu duela erabakia.

"Esperantza faltsuak ez emateko unea" dela uste du Tapiak, eta gaineratu du Jaurlaritzak lanean jarraituko duela Fagor Etxetresnetako lanpostu ahalik eta gehienei eusteko. Nolanahi ere, gogorarazi du zenbait faktore ez daudela administrazioen esku, konkurtso administratzaileen eta etorkizuneko inbertitzaileen esku baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.