Fagor Etxetresnaren itxieraren ondorioz lanik gabe geratu diren kooperatibisten birkolokazioan “konfiantzarako aukera bat” eman diote Edesako langileek Mondragon taldeari. Horregatik, ez dute mobilizazioetan elkartasun keinurik egingo eta horietan parte ez hartzeko erabakia hartu dute. Edozein modutan, hilaren 4tik Basauriko (Bizkaia) lantegian egiten ari diren itxialdiarekin aurrera jarraituko dutela ere jakinarazi dute. Era berean, Basaurirekin harremana izango luketen edozein ekintzetan parte hartzeko jarrera azaldu dute.
Edesako langileek Gizarte Segurantzan kotizatzen dute, beraz, langabezia saria jasotzen dute. Fagorreko gainerako langileek Lagun Arorekin aseguru pribatu bat daukate, eta bertatik jasoko dute langabezia saria. Hori dela eta, Edesako langileak beldur dira Mondragonek ez ote dituen Fagorreko kooperatibistak eurek baino lehenago birkolokatuko.
Fagore Etxetresnak astelehen honetan aurkeztu behar zuen Basauriko lantegirako hartzekodunen konkurtsoa, baina erabakia atzeratu egin dute, prozesua abiatzeko dokumentazio guztia bildu behar zutelako.