Lan gatazka

Edesako langileek ez dute onartuko CNAren plana

CNAk langile guztiak (327) kaleratzeko dosierra aurkeztuko du ostiralean.

Edesako langileak, atzo, lantegiaren aurrean egindako elkarretaratzean. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2017ko irailaren 6a
08:21
Entzun

Gaur goizean erabaki dute Edesa Industrialeko langileek ez onartzea CNAk egindako "xantaia". Konpainia hartzekodunen konkurtsoan dago ekainaren 30az gerotik, jarduera lerro ia guztiak geratuta, eta likideziarik gabe. Zuzendaritzak herenegun azaldu zion langile batzordeari etzi langileak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztuko duela. Baina bi aukera eman zizkien: lantalde guztia kaleratzeko espedientea ala 167 behargin kaleratzeko espedientea. Bigarren aukera hautatuz gero, Edesak 160 langilerekin jarraituko luke, soldatak %10 jaisita, eta Garagartzako lantegia (Arrasate, Gipuzkoa) itxita. Langile batzordeak erabaki du zuzendaritzaren plana ez onartzea, "atzean ez dagoelako enplegua eta jarduera bermatzen duen proiektu industrialik", eta lantalde osoak babestu du gaur erabakia. Beraz, barikuan, CNAk langile guztiak kaleratzeko espedientea aurkeztuko du.

"Kartak mahai gainean jartzeko unea" dela uste du langile batzordeak, "xantaia itzela publiko egitekoa". Lantalde erdia kaleratzea onartzea "txeke zuria" da, batzordearen arabera, eta "progresiboki ekoizpena desagertzea" ekarriko luke. Langileen ordezkariek uste dute CNAren asmoa dela kanpoan ekoitzitako produktuak merkaturatzea, Fagor markaz baliatuz. Euskal Herriko lantegietan ekoizpena nabarmen txikitzea ekarriko luke horrek.

Langileen ordezkariek salatu dute, gainera, ziurgabetasuna eta informazio falta direla nagusi. Horregatik, erabaki dute "borrokan jarraitzea gardentasunaren, informazioaren eta etorkizun industrial baten alde". Langile batzordeak bilerak eskatu dizkie hiru erakunderi: batetik, Eusko Jaurlaritzari; bestetik, Fagor markari; eta, azkenik, Ekimen Berriri, Garagartzako lantegiaren jabeari. Lehen bi erakundeen jarrera jakin nahi dute langileek: "Zuzendaritzaren proiektu honek badu aukerarik babestua izateko? Zer iritzi dute horren inguruan?".

CNAk dagoeneko inbertitzaile batekin ituna daukala uste du langile batzordeak, "sektoreko multinazional handi batekin euren produktuak merkaturatu ahal izateko", baina salatu dute ez diotela horren inguruko inolako inofrmaziorik eman. "Badakigu bake soziala nahi dutela, eta geuk ere bai", nabarmendu du langile batzordeak. "Baina horretarako ezinbestekoak dira gardentasuna, informazioa eta etorkizun industrial baten aldeko apustu bat egitea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.