Espainiako Gobernuak ongizate estatuaren «oinarrizko elementuak baztertu ditu» lan erreformarekin eta gastu publikoaren murrizketekin. Hala uste dute Unai Sordo eta Damaso Casado EAEko CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiek, eta, horregatik, mobilizazioetara bueltatzeko garaia dela erabaki dute, «bidean» dauden erreforma eta murrizketak geldiarazteko.
Rodriguez Zapaterok dagoeneko «kapitalaren aginduetara» jokatzen duela salatu dute buruzagiek, eta, eginikoak egin, merkatuak baretzea «ezinezkoa» izango duela ohartarazi diote. Erretiroa atzeratzeko asmoa hartu ez ezik Espainiako Gobernuak langabeentzako 426 euroko laguntza kentzea ere erabaki duela gogorarazi dute, eta, hori guztia ikusita, gizarte osoari kalera ateratzeko deia egin die Casadok: «Gazteei bereziki, haiek direlako kaltetuenak erreforma honetan».
Europako Sindikatuen Konfederazioak hilaren 15erako deitutako elkarretaratzeekin bat egingo dutela jakinarazi dute CCOOk eta UGTk. Eguerdiko hamabietan kontzentrazioak egingo dituzte Hegoaldeko hiriburuetan: Bilboko Plaza Zirkularrean, Donostian Espainiako Bankuaren egoitzaren aurrean eta Gasteizko Posta Plazan; Iruñean oraindik ez dute zehaztu lekua.
Horrez gain, abenduaren 18an manifestazioak ere egingo dituztela jakinarazi dute. Bilbokoa Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 12:00etan, eta Iruñean, berriz, Tutera kalean hasiko da, 12:30ean.
Datozen asteetan, bestalde, Espainiako Legebiltzarrera lan erreformaren aurkako herri ekimen legegilea eramateko, sinadurak biltzen hasiko dira.
Erantzun sendoa
Irailaren 29ko grebaren ostean egingo dituzten lehen manifestazio handien harira, erretiroaren inguruko negoziazioan Zapaterok «marra gorriak» zeharkatuz gero greba orokorrera berriz deitzeko prest daudela ohartarazi dute Sordok eta Casadok. Adina atzeratzeak ez ezik, kotizatu beharreko gutxieneko urte kopurua igotzeak ere sindikatuen erantzun «sendoa» ekar dezake.
Egitekoak diren murrizketen aurka kalera ateratzeko deia egin dute CCOOk eta UGTk
Zapaterok «marra gorriak» zeharkatuz gero greba orokorrera deitzeko prest daude Sordo eta Casado
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu