«Iruñeko karriketan entzun behar da gure oihua». Mikel Altzuart Nafarroako EHNEko zuzendaritzako kideak iragarri du etzi Iruñean abeltzainek manifestazioa egingo dutela, 11:30ean autobus geltoki zaharretik aterata. Abeltzaintza sektorearen egoera «ezin txarragoa» dela eta horren kontra Nafarroako Gobernuaren ez duela ezer egiten salatu du; hala, krisiak sektorean izan dituen ondorio larriak leuntzeko neurriak hartzeko exijitu diote. «Lanbidearekiko duintasuna eta errespetua exijitzen dugu», esandu Ignacio Gil-ek, EHNEko eledunak.
Gilen arabera, 2008ko krisiak bete-betean jo zuen abeltzaintza, baina iragan urtea «are urte txarragoa» izan zen. Produkzio kostuak batez beste %20 igo dira , eta kontsumoak behera egin du. Egoera horren erakusgarri, hainbat datu eman ditu EHNEk. Adibidez, egun behi-esnearen litro bakoitzeko 30-31 zentimo euro ordaintzen zaizkio ekoizleari eta 2008an 40 zentimo jasotzen zituen. Inflazioa aintzat hartuta, haragitarako ardia, berriz, «orain dela 20 urte baino merkeago» ordaintzen zaio. Txerri eta untxi sektoreetan «egoera estua da».
Aurrekontua %20 gutxitu
Nahiz eta gobernuak nekazaritza politika osoa kontrolatzen ez duen, EHNEk uste du bitartekoak badituela egoera arintzeko. Alabaina, hiru urteren buruan Landa Garapenerako Departamentuaren aurrekontua %20 murriztu da:«Murrizketak ondorio zuzena du abeltzainen poltsikoetan». Hala, minimis diru laguntzetan zein beste lerro batzuetan behar besteko aurrekontua jartzeko exijitu dute. Konponbide partziala izan arren abeltzainei lagunduko liekeela uste du EHNEk.
Arazoaren sakonean, «merkatuaren desorekak» daudela dio Gilek. Besteak beste, Europako Batasun barruan ekoizle batzuk diru laguntza gehiago jasotzeak abantaila eman eta prezioak desorekatzen dituela dio. Gainera, banaketa katean, ekoizleari gutxi ordaintzen zaiola eta kontsumitzaileari elikagaiak «luxuzko prezioan»saltzen zaizkiola ohartarazi du.
Egoera «ezin txarragoa» dela eta, EHNEk manifestaziora deitu du etziko
Abeltzaintzaren krisiaren ondorioak leuntzeko Nafarroako Gobernuak «fitsik ere ez» duela egin salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu