Egun bakarreko inoizko igoera handienean, 25 dolar garestitu da Texas upela

Mugimenduaren atzean espekulatzaileak dauden arren, dolarraren gaineko kezka ere islatzen du

joxerra senar
2008ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Eromena. Petrolio merkatuetan etorkizuneko kontratuak negoziatzen dira, eta New Yorkeko Nymex merkatuan atzo amaitu zen urriko kontratuak salerosteko epea. Azken orduetan, salerosleek gorantz bultzatu zituzten prezioak eta Texas upelaren urriko kontratuen prezioa 25 dolar igo zen, egun bakarrean 105 dolarreko prezioa izatetik 130 dolarrekoa izateraino. Igoera hori egun bakarreaninoiz izan den igoera handiena da, eta argi adierazten du inbertsiogile espekulatzaileak daudela atzean.

Izan ere, Texas upelaren azaroko kontratuen prezioa ez zen hainbeste igo: 6,11 dolar garestitu zen, 108,886 dolarreraino.«Une honetan oso igerileku txikia da merkatua, eta horregatik ikus litezke hain mugimendu handiak. Norbaitek apustu okerra egin du eta gaizki egindakoa konpontzen saiatu da», esan zion Bloomberg ekonomia agentziariDavid Kirsh analistak.

Europan erreferentzia gisa erabiltzen den Brent upela ere 5,89 dolar garestitu zen atzo, 105,5 dolarreraino. Hala ere, asteazkenaz geroztik 19,5 dolarreko igoera adierazgarria izan du.

Kezka handia dolarraren gain

Lehen aldiz, Texas eta Brent upelen prezioen artean hain diferentzia handia izateak erakusten du Bush administrazioaren planak dolarraren gain izango duen ondorioen inguruan kezka handia dutela lehengaien merkatuek. Adibidez, atzo, urrearen prezioak ere igoera historikoa izan zuen, eta, ostiralarekin alderatuta, 43 dolar garestitu zen, 906 dolarreraino. Inbertsiogile horien arabera, dolarrak beherantz egingo du, eta burtsen gorabeherak ikusita, lehengaietara jotzen dute babes bila. Ondorioz, urreaz gain, zilarra eta kobrea ere nabarmen garestitu ziren atzo.

Dolarrak beherakada izan zuen atzo. Egun hasieran diru merkatuetan euro bat 1,44 dolarretan salerosi zen, eta egun amaieran 1,47 dolarreko muga gainditua zuen jada. Europako Banku Zentralak, berriz, 1,457 dolarretan ezarri zuen euroaren truke ofiziala atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.