Itsasoan antxoa asko zegoela iragarri zuten zientzilariek eta arrantzaleek, eta hala ari da gertatzen. Kostera ireki zutenetik, martxoaren 1ean, hamabost milioi kilo antxoa arrantzatu dituzte Gipuzkoako, Bizkaiko, Galiziako eta Espainiako arrantzaleek. Bi milioi eta erdi kilo urtearen bigarren urterako uzten dituztenez, 9,5 milioi baizik ez zaizkie geratzen ekainaren 30era arte arrantzatuko.
Harrapaketak doazen erritmoan, aste gutxian kuota agortuko dutenez, mugak jartzea adostu dute Bizkaiko, Gipuzkoako eta Kantabriako kofradiek. Azken horretako presidente Miguel Fernandez Efe agentziari esan dionez, itsasontzi handiek —hamabi arrantzaletik gora dituztenek— egunean gehienez 8.000 kilo arrantzatu ahal izango dituzte, eta 6.000 kilo ontzi txikiagoek.
Aurreko urte batzuetan ere mugatu dituzte harrapaketak, baina aurten "goizago" hartu behar izan dute neurria.
Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak kuotaren %90ra heltzen denean eten ohi du kostera, mugatik gora geratzeko arriskua ekiditeko. Behin zenbaketa ofiziala egin ondoren, geratzen den kuota banatzen dute.