murrizketak

EH Bilduk herritarrei kalea hartzeko eta erakundeei elkarrekin aritzeko eskatu die

Laura Mintegi lehendakarigaiak esan du Espainiako Gobernuaren neurriak ez direla justuak. 'Murrizketarik ez! Burujabetza ekonomikoa' lelopean milaka lagunek manifestazioa egin dute Bilbon.

2012ko uztailaren 21a
12:57
Entzun

Laura Mintegi EH Bildu koalizioko lehendakarigaiak Espainiako Gobernuaren murrizketei aurre egiteko herritarrei "kalea hartzeko" dei egin die, eta Eusko Jaurlaritzari eta diputazioei, berriz, ados jartzeko eta elkarrekin aritzeko. Mezu bikoitz hori eman du Mintegik gaur Bilbon hedabideen aurrean, EH Bilduk antolatutako manifestazioa hasi baino lehenago. "Gobernuaren neurriak ez dira justuak".

Murrizketak salatzeaz aparte, Euskal Herriarentzat burujabetza ekonomikoa aldarrikatu du koalizioak, "posible delako interes kolektiboak defendatuko dituen sistema bat eraikitzea". Murrizketarik ez! Burujabetza ekonomikoa lelopean egin dute martxa, Jesusen Bihotzetik.

Milaka lagun elkartu dira. Haien artean zeuden, Mintegiz gain, Rufi Etxeberria, Joseba Permach eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar, Maiorga Ramirez eta Rafa Larreina EAkoak, Rebeka Ubera eta Asun Garaialde Aralarrekoak, eta Asier Vega Alternatibakoa.

Manifestazioaren amaieran, Asun Garaialde eta Pernando Barrenak hartu dute hitza. "Hartutako neurrien helburu bakarra ongizate estatua suntsitzea eta langileen eskubideak deuseztatzea da", adierazi du Garaialdek. "Eurek erreskate deitzen dutena, guk iruzur edo lapurreta deitzen dugu". Horregatik, "beti aurrean" izango dituztela azpimarratu dute biek, eta bat egin dute irailaren 26ko greba orokorraren deialdiarekin: "Euskal Herria geratuko dugu, tamaina honetako erasoak behar bezalako erantzuna behar duelako".

"Guztion eskubideak eta duintasuna daude jokoan, eta guztiok batera elkarlanean arituta bakarrik lortuko dugu erasoak geldiaraztea eta alternatibak sortzea", dio EH Bilduk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.