Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrezki kutxen batzarren atarian —etzi izango dira—, EH Bilduk ohartarazi du EAJk, PSE-EEk eta PPk "Kutxabank berehala pribatizatu" nahi dutela, eta iragarri du EAEko bankua azarorako "erabat pribatua" izango dela. "Europako Batasunak Espainiako Estatuari finantza laguntzak jasotzeko kaleratutako memorandum batean dio aurrezki kutxen eta bankuen banaketa dekretua ezarri behar duela azarorako. Beraz, argi esan dezakegu azaroan Kutxabank erabat pribatua izango dela. Zentzu horretan ulertzen dira azken boladan kutxak fundazio bilakatzeko emaniko pausoak".
EAEko Kutxen Legea EAJk eta PPk adostu dutela gogorarazi du koalizioak, eta PSE-EEk babestu egin duela. Uste du "euskal finantza sistemaren egoera larria" dela. "EAJk eta PPk Kutxabanken boterea banatzeko adostasuna lortu dute, Bildu alboratuta, eta, horrela, Kutxabanken kontrol organoetan euskal jendartearen aniztasuna ezabatu dute", esan du gaur EH Bilduk, prentsaurreko batean.
Euskal kutxak fundazio bihurtuta sorrerako helburua alboratu egingo dela esan du. "Gizarte ekintzaren desagerpena ekarriko du, eta pribatizazioaren bideari ateak irekiko dizkio. Ezin dugu onartu hori. Herritarren zerbitzura egongo den eta plangintza sozial eta ekonomikoa izango duen banka publikoa behar dugu".