Kontrolatu gabeko abereen erruz Aralarko artaldeen osasuna arriskuan dagoela salatu du Gipuzkoako EHNEk. Diputazioa jo du egoeraren erantzuletzat, «abere batzuk kontrolik pasatu ez dutela jakin arren beste aldera begiratzeagatik».
Aralarren ibiltzen diren hogeiren bat artzainek agerraldia egin zuten atzo Donostian. Gipuzkoako Diputazioak mendiko abeltzaintzan jartzen duen araudia «oso zorrotza» dela azaldu zuten. Artaldeetako animalia kopurua zehazteaz gain, zein arrazako abereak egon behar duten zehazten du. Aralarko kasuan, ardi latxa mutur gorriek dute baimena. Halaber, beharrezkoa da mendira igo aurretik artalde guztietako ahari guztiei odola ateratzea eta abeltzaintza zerbitzuko datu basean izema ematea.
Udaberrian igo ohi dira artzainak Aralarrera. Maiatzean, kontrolatu gabeko eta kanpaina pasatu gabeko ardiak aurkitu zituztela azaldu dute Iñaki Lazarobaster Gipuzkoako EHNEko presidenteak eta Jon Murgiondo sindikatuko artzaintza arduradunak. «Hasieratik eman zieten egoeraren berri Foru Aldundiko arduradunei, beharrezko neurriak har zitzaten, baina ez dute erantzunik eman», azaldu du Lazarobasterrek.
Enirio-Aralar mankomunitateko buruari jakinarazi zioten egoera lehenbizi, eta basozainari ondoren. Beharrezko neurririk hartu ez zutela iritzita, Carlos Boix abeltzaintza zerbitzuko buruari eta Jose Luis Korkostegi Ingurumen Saileko arduradunari eman zioten egoeraren berri ondoren.Erantzunik jaso ez zutenez, abuztuan, Rafa Uribarren Nekazaritza diputatuari idatzi zioten. «Isiltasun administratibo horrek diputazioaren axolagabekeria uzten du agerian», salatu dute.
Artzainak gaixotasunen beldur dira, kanpaina pasatu gabeko ardiek han jarraitzen dutelako. Iazko kasua aipatu dute. Brucella ovis gaitzak -gizakiak ez dira kutsatzen- eragin zien Aralarko artaldeei. 120 ahari kendu egin behar izan zituzten artzainek, eta ardi asko ez ziren ernai geratu. «Kalte ekonomikoaz gain, artzain bakoitzak bere artaldea genetikoki hobetzeko egiten duen ahalegina ezerezean geratzen da ahariak kentzean», azaldu dute.
Animaliak menditik jaistean ikusiko da gaixorik dauden edo ez. Hala ere, sindikatuaren iritziz, «irtenbidea ez da gaixorik daudenak kendu eta diru laguntzak banatzea, prebentzioa baizik». Aralarren Gipuzkoako berrogei artzain inguru aritzen dira, eta 18.000 ardi dituzte.
EHNE: «Aralarko artaldeen osasuna arriskuan jarri du diputazioaren utzikeriak»
Artzainak kezkatuta daude kanpaina pasatu gabeko abereek gaitzak zabaldu ditzaketelako, iaz gertatu bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu