Greba

Ehunka lagun bildu dira Baionan Hitzarmen Nazional Interprofesionalaren aurka

800 lagun inguru bildu dira Baionan LAB, Solidaires, FO, FSU eta CGT sindikatuek deituriko greba egunean. Salatu dute estatuak CFDT, CFTC eta CGC sindikatuekin izenpetutako lege proiektua langileen kontrako "eraso" bat dela, eta  "austeritate politiken mesederako" egin dela deitoratu dute. Hitzarmena izenpetu dutenek, ordea, lan baldintzak hobetzeko akordio bat dela diote.

2013ko apirilaren 9a
17:30
Entzun

Goizean Lapurdiko hiriburuan bildu diren ehunka lagunek borrokarako deia egin dute Ezin onartuzkoa ez pairatzeko, erasoaren heineko erantzuna gaurdanik antolatu behar dugu lelopean. Urtarrilaren 11n,  CFDT, CFTC eta CGC sindikatuen eta patronalaren artean Hitzarmen Nazional Internazioanala deituriko hitzarmena adostu zuten. Akordio horrek enpleguaren malgutasuna du helburu, baina LABek salatu du "langileen eskubideen kontrako beste eraso bat" dela, eta "onartu ezinezkoa" den akordio bat dela gehitu du. Bide beretik, LAB, Solidaires, FO, FSU eta CGT sindikatuek nabarmendu dute hitzarmenak "prekaritatea" handitzen duela.

LABen ustetan, akordioak ondorio okerrak ditu langileentzat. Lansaria beheititzea ez onartzea eta lantokiaren aldaketarekin ados ez izatea kanporatua izateko arrazoi izan daitezkeela dio. Kanporaketa prozesuari dagokionez, "erraztasuna" bermatzeaz gain, legeak dituen "berme gutxiak" ez aplikatzeko "ateak idekitzen" dituela azpimarratu du. Arrazoi errealik gabeko kanporatzeetan ere langileak kalte-ordain "penagarriak" jasoko dituela salatu du. Hitzarmen Nazional Internazionalak, bide beretik, lan denbora partzialen handitzea ekarriko duela azaldu du sindikatu abertzaleak.

Bestalde, Frantziako Gobernuak harturiko neurriek ondorio batzuk ekarriko dituztela dio LABek. Frantziako Gobernuak 2013 bukaerarako langabezia tasa apaltzeko asmoa du. Horri aurre egiteko, LABen ustez, Frantziak langileentzako inongo babesik gabeko lan kontratuak sortuko ditu. Erretretari begirako neurriak ere hartu nahi ditu, baina eskubide hori lortzeko bete beharreko baldintzak ere zalantzan jarri ditu. Gainera, erosteko ahalmenari bultzada bat eman nahi dio gobernuak, baina bultzada hori funtzionarioei soldatak "izoztuz" ala funtzio publikoa "suntsituz" izango den jakin nahi du sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.