Lan erreforma

Ehunka lagun bildu dira Baionan lan erreforma bertan behera uztea galdegiteko

Garraiolariak greban dira, eta trenbideetako langileak gaur arratsean batuko zaizkie. Bihar 11:00etan manifestazioa eginen dute Hendaian, tren geltokitik abiatuta. Ortzegunerako ekonomia "blokeatzeko" deia egin du lan erreformaren kontrako kolektiboak. 7:30ean jarri dute hitzordua, San Andres plazan.

Lan erreformaren kotrako protesta, gaur, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2016ko maiatzaren 17a
08:08
Entzun

Gero eta jende gutxiago ari da biltzen El Khomri legearen kontrako protestetan, baina parte hartzaileek borrokan segitzeko deia egin dute. Mila lagun inguru elkartu dira gaur, erraterako, Baionan egin duten manifestazioan -hasierako mobilizazioetan 3.500 lagun inguru ziren-. Tren geltokitik abiatuta suprefeturaraino egin dute martxa. Manifestazioaren buruan ziren CGT eta FO sindikatu nagusietakoak eta gibeletik ospitaleko langileak eta lan erreformaren kontrako kolektiboa osatzen duten LAB, Sud Solidaires, Aitzina, EH Bai, Indar Beltza eta Ensemble Pays Basque-koak, bertzeak bertze.

Peio Dufau CGTko trenbideetako adarreko kideak azaldu duenez, SNCFeko langileak gaur arratsetik aitzina jarriko dira greban. Bihar 11:00etan dute batzarra Hendaiako tren geltokian (Lapurdi), eta Geronimo Prieto LABeko kideak bertaratzeko deia egin du. Ondotik Intzura auzoko industriagunera eginen dute manifestazioa, hango langileei protestara batzeko gomita egiteko.

Joan den ortzegunean Frantziako Asanblea Nazionalean eskuinak proposaturiko zentsura mozioak huts eginik, 49.3 artikulua erabilita gainditu du PSren El Khomri legegaiak Asanbleako eztabaida, eta Senatura eramanen dute orain eztabaidatzera. Lan erreformaren kontrako kolektiboko kideek uste dute badela aukerarik oraino legea gibelera botatzeko, eta hori lortu arte borrokan segitzeko deia egin dute.

Ortzegunean, "blokeatzera"

Gaurko protesta ahula izanagatik, ortzegunerako espero dute jende gehiago. Goizik jarri dute hitzordua: 7:30ean elkartuko dira Baionako San Andres plazan, hortik jakinarazi ez duten bertze leku batera joateko. Ekonomia "blokeatzea" dute helburua. 11:00etan manifestazioa eginen dute, halaber, tren geltokitik hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.