Ekaineko eta uztaileko soldatak eta uztaileko ordainsaria kobratu gabe ehunka langile daudela salatu du CCOOko Industria Federazioak. Horrez gain, enplegua erregulatzeko espedienteak onartu ziren enpresetan, hitzartutako osagarriak jasotzeko zailtasunak dituztela dio sindikatuak. «Egoera hori ikusirik, langabezia sariarekin bakarrik egin behar dute aurrera», salatu du.
CCOOren arabera, batez ere industria sektoreko enpresa ertain eta txikietan daude egoera horretan, eta, bereziki, azpikontratatuta aritzen ziren enpresetan. «Ez da kasualitatea, ekonomiaren oparoaldian kontrolik eta industria planik gabe aritu dira.Ez dute inbertsiorik egin, eta ezta balio erantsirik eskaini ere».
Azpikontratazioak industria ehuna «ahultzeko» soilik balio izan duela gaineratu du. «Erortzen direnean, ez dute ondasunik eta ezin diote erantzukizunen aurre egin langileekiko duten ardurari».
Hala, beharginak «batere babesik gabe» daudela salatu du sindikatuak. «Enpresak kaudimen gabe agertzen direnez, ezin dute kobratu eta ezin diote lanera joateari utzi, arrazoitutako kaleratzea izango litzatekeelako kasu horretan». Era berean, salatu du bizpahiru hilabete kobratu gabe eduki artean ezin dutela jo Bitartekotza, Arbitraje eta Adiskidetze Zerbitzura. «Denbora hori pasatu arte atzerapentzat hartzen da, eta ez ordainketa falta moduan».
Ehunka langileri soldata eta osagarriak zor zaizkiela dio CCOOk
Azpikontratatuta aritzen ziren enpresetan daude kobratzeko zailtasun handienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu