Hamarretan atera dira taxilariak Loiuko aireportutik, batzar bat egin ondoren. Getxora jo dute, eta, handik, Ibaizabal ondoko errepidetik abiatu dira Bilbora. Ondoren, San Mames aurrean bildu dira, eta Loiun amaitu dute protesta. Han egon dira kontzentratuta astelehenaz geroztik, eta hantxe itxarongo diote gaur Madrilen egingo duten bileraren emaitzari.
Hirugarren greba eguna dute gaur Bizkaiko eta Arabako taxilariek. Nafarroan ez zuten greba egun osoan egin astelehenean, baina gaur ere lana uztea erabaki dute. Gipuzkoan, berriz, bi egun iraun du grebak, gauerditik aurrera lanean ari baitira taxilariak.
Laugarren greba egunik izango ote den jakiteko, gauera arte itxaron beharko da. Izan ere, 18:30ean hasiko dute bilera Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek. Madrilek erkidegoen esku utzi nahi du VTC auto gidaridunen sektorea arautzeko eskuduntza. Azken urteetan, haiek kudeatu dute gaia —Jaurlaritza arau bat prestatzen ari da sektorea arautzeko—, baina eskuduntzarik ez zutenez, ez dute eragozterik izan liberalizazio osoaren garaian (2009-2015) milaka VTC baimen onartu izana.
Greba bertan behera utzi aurretik, taxilarien elkarteek jakin nahi dute erkidegoek jarrera bateratua izango ote duten beren eskaera nagusia betetzeko. Hau da, esku hartuko ote duten auto gidaridunen baimenak kendu eta Espainiako Gobernuak dekretu baten bidez ezarriko duen ratioa errespetaratzeko —VTC bakar bat, 30 taxiko—. Hori egiteko bidea da erkidegoek —edo udalek— bigarren baimen bat eskatzea beren eremuan lan egin nahi duten VTCei.
VTCren gaineko eskuduntza jasotzea ontzat jo du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, baina ohartarazi du horrek berak "ez duela berez arazoa konponduko". Uste duenez, "ongi landu" beharko da eskuduntza, "arazoak non dauden ikusi, eta erkidegoen artean irizpide komun batzuk ezarri, erkidego batek egiten duenak ez diezaion beste bati eragin". Sailburuak baieztatu du udazkenean dekretu bat aurkeztuko duela Jaurlaritzak.
17,1, taxi/VTC ratioa Hegoaldean
Azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian 149 VTC daude, eta taxiak, berriz, 2.556 dira. Hau da, VTC bakoitzeko 17,1 taxi daude. Hemen, ordea, ez dago Madrilen, Bartzelonan edo beste Europako hiri askotan taxilarien eta VTCen artean dagoen gatazkarik, Uber, Cabify edo VTC baimenak kudeatzen dituen enpresa handirik ez dagoelako zerbitzurik ematen—Uber Lapurdiko kostaldean ari da lanean, udan—. Edonola ere, Hego Euskal Herriko taxilariak beldur dira egoera hemen ere gerta daitekeen.