Ekainean etxebizitzen salmentak %21 egin du behera Hego Euskal Herrian

2011ko datuekin konparatuta, urteko lehen seihilekoan %15 etxebizitza gutxiago saldu dira

2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Etxebizitzen salmentak behera egin du oraingoan ere. Ez dute altxatzen bururik ez bizitoki berrien salmentak, ezta erabilitakoenenak ere. Ekainean %20,79 etxebizitza gutxiago saldu ziren Hego Euskal Herrian, iazko garai berarekin alderatuta. Guztira, 1.181. Are gehiago jaitsi da etxe berrien salerosketa: %27,69 egin du behera. Erabilitakoen beherakada, berriz, berriena baino leunagoa izan da, %20,12ko jaitsiera izan baitu.

Bide beretik joan da urteko bigarren hiruhilekoa ere; izan ere, 2011rekin konparatuta, apiriletik ekainera bitartean 1.062 etxebizitza gutxiago saldu dituzte(—%23,2). Lehen seihilekoko datuei erreparatuta, 1.654 etxe gutxiago salduta, 15,19 egin du behera ehunekoak. Datozen hilabeteetako bilakaera, baina, bi neurrik baldintza dezakete: irailaren 1etik aurrera BEZa igotzeak, eta etxebizitzen kenkaria kentzeak.

Hori horrela, etxebizitza berria erosten dutenen kasuan, BEZa %4tik %10era igoko da. Etxebizitzen kenkariari dagokionez, datorren urtetik aurrera, Nafarroan etxe berrien erosle gehienek ez dute izango ohiko etxebizitzaren mailegua pagatzeagatik jasotzen den zerga kenkari hori: soilik errenta baxuak dituztenek eta familia ugariek jasoko dute. Bizkaiko Foru Aldundiak baztertu egin du kenkari hori kentzea. Arabak eta Gipuzkoak ez dute hartu horren inguruko erabakirik.

Bi neurri horiek direla eta, etxe berria erostea garestiago suerta daiteke datozen hilabeteetan, eta horrek salerosketak aurreratzea ekar lezake. Hori bai, hipotekak kalkulatzeko Euribor indizea inoizko tasarik txikienean da: %1,061ean. Hori horrela, hipotekak uztaileko tasa horrekin berrikusi behar dituztenek, iaz baino gutxiago ordaindu beharko dute hilean. Nolanahi ere, krisi ekonomikoaren hasieratik dabil etxegintza suspertu ezinik. 2007tik aurrera egin dute behera salmentek.

Bizkaian jaitsiera handiena

Herrialdeka, Bizkaian jaitsi dira gehien etxebizitzen salerosketak ekainean: %44,95. Iazko ekainean 663 bizitoki saldu ziren; aurten,365. Ildo beretik jo dute Nafarroan ere. Izan ere, %25,08 egin dute behera, 80 etxebizitza gutxiago salerosi baitira. Txanponaren beste aldea dira Araba eta Gipuzkoa. Bi herrialde horietan salmentak igo egin dira: %23,86 eta %6,73, hurrenez hurren.

Babestutako etxebizitzetan izandako igoerak eragin du gehitze hori. Izan ere, Araban era horretako 60 etxe gehiago saldu dira ekainean, iazko datuekin konparatuz gero. Gipuzkoan, berriz, babestutako etxebizitzen hazkundea handiagoa izan da: iazko 22etatik aurtengo 134ra igarota.

Hori bai, Bizkaiko jaitsiera etxe berrietan izandako beherakadagatik izan da batez ere: iaz baino 185 gutxiago saldu dira. Nafarroan ere era horretako %39,07 gutxiago salerosi dira; babestutakoen jaitsiera ere zertxobait txikiagoa izan da: %32,76.

Hilabete arteko bilakaerari dagokionez, maiatzeko igoeraren ostean, ekainean behera egin du berriro Hegoaldean. Hori bai, aldea txikia izan da: zehazki, 47 etxebizitza gutxiago saldu dira(—%3,83).

2008tik gainbeheran

Jaitsierak oraindik ere nabarmenagoak dira 2008ko datuei erreparatuz gero. Azken lau urteetako salmentarik handienak urte horretako urtarrilean erregistratu ziren: hain justu, 2.852 etxebizitza saldu ziren orduan. Baina hilabete hartatik aurrera, oro har, goitik behera datoz salmentak.

2008ko ekainarekin alderatuta,%38,58ko beherakada izan dutesalerosketek Hegoaldean. Guztira, 1.923 etxe saldu ziren orduan. Garai horretako datuen alderaketak ere argi erakusten du Bizkaian gertatzen ari dela gehien salmenten jaitsiera. Salerosketek erdia baino gehiago egin dute behera:%53,91. Araban, ostera, guztiz kontrakoa gertatu da, 2008an baino %4,72 gehiago saldu baitira.

2008an hasitako bideari eutsi, eta modu berean joan zen 2009. urtea ere. Horren adierazgarri da 2008tik 2009ra izandako jaitsiera: %20,41. Urtebetean, 5.217 etxebizitza gutxiago saldu ziren Hego Euskal Herrian. Esaterako, Bizkaian 1.853 gutxiago saldu zituzten, Gipuzkoan 1.393, Nafarroan 1.374 eta Araban 605.

Nolanahi ere, 2010ean ordura arte galdutakoa berreskuratu zuen. Izan ere, 2010eko otsailean salmentak (2.655) 2008ko apirileko mailara itzuli ziren. Baina ordutik ez da itzuli 2008ko mailara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.