Ekainen gorri eta beltzez pintaturiko margo ez-figuratiboak agertu badira, Olabarri kalean gorriz eta beltzez pintaturiko ohiko emaitza figuratiboak izan genituen. Gorria gehiago ikusi zen atzo ere, beltza baino: otsailean %9,8ko galerak izan ditu Ibex-35 indizeak, atzoko %2,44koak kontuan izanda. Mozkin berrietan denetarik izan da: Gamesari (-%7,69) salmenta aurreikuspenek kalte egin zioten; Sacyrri (-%2,64) bere mozkinak %55 murrizteak; eta banku handiek %4na pasa galduz amaitu zuten eguna, batetik AEBetako BPGren danbatekoagatik (%6,2ko jaitsiera iazko azken hiruhilekoan) eta, bestetik, Citigroupen herena pasa esku publikoetara pasa dutelako. Arrokan alu bat ere agertu omen da Ekainen, eta zer pentsatua ematen du subprime-en porrota aurreikusi zuen Hayman Advisorsen aurreikuspenak: Europako diru batasuna haustear omen dago. Atzoko 1.946 milioiren salerosketa ez da ezer izango, Hayman, orain ere, zuzen badabil. Beltz, Indra (+%2,85).
Vidrala. Arabako Vidrala beiragileak (=) aurreko urtean baino %5,42 gehiago irabazi zuen iaz, ia 41 milioi euro. 387 milioiren salmentak erdietsi zituen, aurreko ekitaldian baino %9,5 gehiago, nazioartekotze estrategiaren ondorioz.
Vocento. Vocento komunikabide taldeak (+%0,3) 34,6 milioi irabazi zituen 2008an, aurreko urtean baino %58 gutxiago. Taldeak galera operatiboak izan ditu gainera, eta ez ohiko eragiketei esker lortu ditu mozkin positiboak. Diru sarrerak %7 jaitsi zaizkio.
Ekaingo margoena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu