Azken hilabeteko eztabaida politikoa da Nafarroan. Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2015-2019 eperako ekarpena hitzartu zuten abendu amaieran, eta hari esker azken bi urteetako ekarpenaren likidazioagatik 215 milioi euro eskuratu ditu. Alta, Espainiako Finantza Egonkotasuneko legean ezarritako gastu-arauak behartzen du diru hori zorraren amortizaziorako erabiltzea.
Testuinguru horretan PSNk mozioa bat aurkeztu du 215 milioi euro horiek inbertsio publiko plan batean erabil daitezen. Haatik, Parlamentuaren gehiengoak (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) kontra bozkatu du eta PP zein UPN abstenitu egin dira. Txibiteren arabera, mozio hori aurkeztuta "PSN da, ikuspuntu aurrerakoi batetik, Nafarroaren interesak defenditzen dituen alderdi bakarra".
"A zer aurpegia duzuen", aurpegiratu dio Mikel Builek Maria Txibiteri. "Gastu-arauaren xantaia ahalbidetzen duen Konstituzioaren 135. artikuluaren alde egin zuen alderdiak orain honekin datorkigu", gogorarazi dio. "Montoro jaunaren maletin nuklearra da gastu-araua", salatu du. Bere ustez, diru hori lanpostu publikoak handitzen eta eskolak zein osasun etxeak hobetzen erabil daiteke.
Beste interpretazio bat
Kontra bozkatu izanak ez du esan nahi laukoa diru horri beste erabilera bat ematearen kontra dagoela. EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, gastu-arauaren beste interpretazio "juridiko eta politiko" bat egin daiteke. "Legearen 12.5 artikuluak ate bat jarri digu aurrean eta ikusi behar dugu ate hori nola zeharkatu". Izan ere, artikulu horrek dio aurreikusitakoaren gainetik izandako diru-sarrerak zorraren amortizaziora bideratu behar direla eta horrek behartu egingo luke 215 milioi euroak horretarako erabiltzea.
Hala ere, Araizen arabera, bestelako intepretazio juridikoak egin daitezke. Adibidez, legeak berak salbuespen batzuk ezarri ditu: gastua ahalbidetu daiteke erkidegoei eta udalei egindako transferentziak badira eta transferenziak finantzaketa sistemarekin lotuta badaude: "Eta zein da Nafarroako finantzaketa eta Espainiaren zein Nafarroaren arteko diruaren joan-etorriak zehazten dituen sistema? Hitzarmen Ekonomikoa". Hartara, interpretazio juridiko horrek bide eman dezake diruaren zati bat inbertsiorako erabiltzea, Araizen ustez.
Gatazka planteatzeko prest
Bat egin dute posizio horrekin alderdi gehienek, PSNk barne. Ezkerreraren ustez, interpretazio juridiko desberdin hori defenditu behar da, eta Espainiako Gobernuak horren aurka eginez gero, gatazka planteatzeko prest dago: "Montoro jaunak Nafarroako kontu publikoetan eta aurrekontuetan esku hartzen badu gatazka irekitzearen alde gaude", defenditu du Jose Miguel Nuinek.
UPNko Jose Luis Sanchez de Muniainen aburuz, gastu-araua betetzea derrigortuta dago Nafarroako Gobernua. Bat egin du iritzi horrekin PPko Ana Beltranek. Bere irudiko, 215 milioi euroak zorra amortizatzera bideratu behar dira, eta aukera defenditu du zergen jaitsiera aldarrikatzeko. Bere ustez, diru horrekin diru sarrera txikiagoak izatea ahalbidetuko lioke egungo gobernuari.