2003an, epe finkoko bi gordailu mugaegunera iritsi zitzaizkienean, bankuak Bilboko bikote bati gomendatu zion lehentasunezko ekarpenak eskuratzeko. "Gordailu ona, egokiena" zirela azaldu zioten Caixa Galiciako bulegoetan. 127.200 euroren ekarpenak eskuratu zituzten.
Orain, Bilboko Lehen Auzialdiko Epaitegiaren aginduz, bankuak diru guztia itzuli beharko dio bikoteari, eta interesak ere bai. Kopuruari kendu egingo zaio orain arte errendimendutan emandakoa.
Epaiketan, Caixa Galiciak argudiatu zuen bikoteari jakinarazi ziola zein arrisku zituen inbertsioak. Alabaina, bi langilek aitortu zuten ez zutela inolako ikastarorik jaso ekarpenei buruz, eta askok ekarpenak zer ziren jakin ere egin ez arren gordailu on gisa saltzen zituztela. Bikoteak oinarrizko ikasketak zituen: txofer lanak egiten zituen senarrak, eta garbitzailea zen emaztea.
Sententziak dio bikoteak ez zuela informazio "argi eta zehatzik" jaso, ez zuela arriskuen berri, eta ez zekiela bermatu gabe zegoela dirua berreskuratzeko aukera eta errentagarritasuna. Ekarpenei buruzko idatzirik ere ez zuen jaso bikoteak.