Nazioarteko finantza krisi bortitzari egotzi zion Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak moldaketaren erantzukiuna. «Gertaera batzuk aurrez ikustea ezinezkoa zen, eta horri eutsiko zion aurreikuspenik ez dago, ez Euskadin, ez munduan». Jaurlaritzak atzo kaleratu zuen iragarpena bat dator hainbat eragilek dagoeneko iragan urteko bukaeran irudikatu zuten eszenatokiarekin. Hala, Euskadiko Kutxak eta Confebaskek %0,6ko hazkundea iragarri zuten, eta Euskoganberek, berriz, %0,7koa.
Aurrekontuak egiteko sasoian erabili zuen eszenatoki makroekonomikoa dagoeneko gainditurik zegoela aurpegiratu zioten Gobernuari. Idoia Zenarrutzabeitiak, haatik, informazioa eduki ahala publiko egin eta gardentasun osoz jokatu dutela tinko defendatu zuen atzo. «Gobernua ez da ezkutatu, eta ez ditu krisiaren efektuak gutxietsi, beti eman du aurpegia».
Gardentasun horren erakusle joan den urtean eginiko agerraldi sorta dela argudiatu zuen lehendakariordeak. Atzo, laugarren aldiz, 2008. urterako aurreikuspenak egokitu zituen. Azkenean, iragan urteko BPGaren igoera %2,2 izan zela kalkulatu du behin-behinean. Datu hori, 2007. urtekoaren ia erdia izan bazen ere, nahikotzat jo du, inguruko ekonomiek izan duten hazkunde txikiagoarekin edo atzeraldiarekin alderatuz gero.
Krisia, geratzeko asmoz
2008. urteko azken hiru hilabetetan ekonomiaren gainbehera agerikoa izan da. Udan dagoeneko azaleratu zen kontsumo pribatuaren geraldiari eta eraikuntza sektorearen arazoei industriaren ahulaldi zorrotza gehitu zaio. Urteko itxiera erabat finkaturik ez dagoen arren, aspaldiko partez industriaren hazkunde negatiboa espero du Jaurlaritzak 2008ko azken hiruhilabeterako eta 2009an urte osorako.
Krisia geratzeko asmoz iritsi da, eta iraupenaren inguruko iritziak geroz eta ezkorragoak dira. Duela hilabete batzuk arte 2009ko bigarren sei hilekoan susperraldia abiatzeko baldintzak ikusten zituen gobernuak, baina orain urte osoa gogorra izango dela ohartarazi du. Hain zuzen ere, ekaina arte jarduera ahultzen jarraituko da, eta urteko bigarren erdian, berriz, ez aurrera ez atzera egingo du.
Arazoak arazo, eta %0,5 haztea azken hamabost urteotako igoera eskasena izan arren, EAEko ekonomia atzeraldian sartuko ez dela berretsi zuen Zenarrutzabeitiak. «Gutxi izango da, baina hazkundea izango dugu, oso herrialde gutxik esan dezaketena».
Enpleguak deuseztatuko dira
Hazkunde apalago horrek, halaber, ondorio zuzenak izango ditu lan merkatuan. Hala, enplegu tasak %0,7 atzera egingo duela kalkulatu du Ogasun Sailak, eta langabeziak %5eko muga gaindituko du, Eustaten neurketan, gaur egun baino %1,4 gehiago. Gutxi gora behera, 15.000 enplegu deuseztatzea eragingo luke igoera horrek.
Albiste txarrak ez dira amaitu, eta, Jaurlaritzaren ustez, ziklo aldaketaren unerik gogorrena igarotzen ari da, hurrengo hilabeteetan islatuko dena. Hala ere, krisiak ez duela EAEko egitura ekonomikoarekin zerikusirik eta susperraldia abiatzen denerako ongi kokaturik dagoela ziurtatu zuen Zenarrutzabeitiak.