Ekonomia aurten %2 eta %2,6 artean haziko da EAEn eta %1,9 Nafarroan

Hego Euskal Herriko ekonomiari buruzko aurreikuspenak kaleratu ditu Euskadiko Kutxak

Mikel Carramiñana.
2008ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Urtero erabili ohi dituzten adierazle ekonomikoak aintzat hartuz gero, Euskadiko Kutxak dio EAEko ekonomia aurten %2,6 haziko dela eta Nafarroakoa, aldiz, %1,9. Nazioarteko ekonomian «ziurgabetasuna nagusi» denean, alabaina, epe luzerako aurreikuspenak egitea oso zaila dela ohartarazi zuen Joseba Madariaga Euskadiko Kutxako ikerketa arduradunak. Horregatik, epe laburreko aldagai ekonomikoak neurtzen dituen bigarren sistema baten emaitzak ere jakinarazi zituzten. Horren arabera, EAEko Barne Produktu Gordinaren aurtengo hazkundea %2koa izango da.

Autoen matrikulazioak, hoteletan igarotako gau kopurua, langabezia eta obretarako eskaintzak dira aurreikuspenetarako beste sistema horrek neurtzen dituen aldagaietako batzuk, eta maiatzera arte bildutako datuei erreparatuz gero, EAEko ekonomiaren hazkundea motelagoa izango dela ondorioztatu du Euskadiko Kutxak, ohiko neurketak emandako datua baino %0,6 gutxiago, hain zuzen ere.

Neurtzeko bide desberdinetatik benetako kopurutik hurbilago zein egongo den jakitea ia ezinezkoa dela esan zuen Madariagak, baina «datozen hilabeteetan datu negatibo gehiago helduko direlakoan» daudela aitortu zuen. Hartara, «litekeena da bigarren datua izatea zuzenena, gainera, sistema honen aurreikuspenek benetako datuetatik hurbil egon dira urtero».

Edonola ere, ekonomiaren motelaldia eta krisialdia «ukaezina» dela eta Hego Euskal Herriko hazkundeak «aldaketa nabarmena» izan duela azaldu zuen Elias Atutxa Euskadiko Kutxako zuzendari nagusiak: iaz BPG %3,9 hazi zelako, «urte bukaeran AEBetako hipoteka maileguen krisialdiak eta lehengaien garestitzeak, petrolioa batez ere, motelaldia eragin zuten arren».

Aurtengo aurreikuspenei begira, alabaina, Hego Euskal Herrian ekonomiak atzera egingo duenik baztertu zuten: «Atzeraldia emateko bi hiruhilekotan hazkunde negatiboa eman behar da, eta Espainian ere ez da gertatuko hori». Adierazle guztien arabera, Hego Euskal Herria AEBetako eta Europako Batasuneko hazkundearen gainetik haziko da, eta, horri esker, «konbergentziarako urrats berriak egingo ditu euskal ekonomiak».

Horren harira, Elias Atutxak esan zuen «pozik egotekoa» dela Hego Euskal Herriko ekonomiaren egoera, hazkundea %2koa izanda ere, inguruko herrialdeen testuingurua ikusi beharra dagoelako.

Epe ertainerako emaitzak

Euskadiko Kutxaren txostenak, BPGren bilakaera ez ezik, ekonomiaren bestelako aldagaien aurreikuspenak ere jaso ditu. Epe ertainerako datuen arabera, langabezi tasa puntu batean igoko da EAEn, %6,1tik %7,1era, eta Nafarroan, berriz, are gehiago haziko da, %4,8tik %6,8ra. Inflazioa, bestetik, %3,8 eta %4,7 artekoa izango da EAEn, eta %3,5 eta %5,0 artekoa Nafarroan, petrolio upelaren salneurriaren arabera.

Zenbait sektoreren bilakaerari dagokionez, EAEn zerbitzuak izango dira hazkunde tasarik handiena izango dutenak, %3, nekazaritzaren (%2) eta industriaren gainetik (%1,9). Nafarroan ere zerbitzuetan emango da hazkunderik handiena, %2,5ekoa, eta eraikuntzak atzera egingo du %0,7. Kontsumoa, bestetik, %3,4 haziko da EAEn, eta %2,3 Nafarroan. Inbertsioa, azkenik, %3,4 eta %1,5ean haziko da EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.

Ekonomiaren egoerari aurre egiteko, Europako Banku Zentralak interes tasak mantendu behar dituela uste du Euskadiko Kutxak, aurreikuspenen arabera, «urtearen bigarren zatian berriz igoko baditu ere», Madariagak esan zuenez.





############



NDFk apirilean egindako aurreikuspenak hobetu ditu, Espainian izan ezik

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) berrikusi egin ditu apirilean herrialdeen hazkundeari buruz egindako aurreikuspenak. Eta kasu gehienetan orduan iragarritako moteltzeak apaldu egin ditu, bai aurten, bai datorren urtean: AEBetakoa aurten %0,5etik %1,3ra pasatu du, eta 2009an, %0,6tik %0,8ra; Alemaniakoa aurten %1,4tik bi puntura pasatu du; eta Frantziakoa aurten %1,6an eta datorren urtean %1,4an utzi du, apirilean baino bi hamarren gehiago. Espainiaren kasuan, ordea, datorren urtean ekonomiaren hazkundea espero baino txikiagoa izango dela esan du NDFk: %1,7koa beharrean, %1,2koa.

NDFk uste du munduko ekonomiaren hazkundeak «moteltze nabarmena» izango duela aurtengo bigarren seihilekoan eta pixkana-pixkana suspertuko dela 2009an.





############



Datozen hilabeteetan datu negatibo gehiago helduko direlakoan gaude»

joseba madariaga
Euskadiko Kutxako ikerketa arduraduna



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.