Ekonomia berpizteko, soldatak igo behar direla dio ELAk

Soldatek 1980an BPGan zuten pisuari eutsi izan baliote, langile bakoitzak 5.880 euro gehiago jasoko zituen urtean

Donostia
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko gizartearen eta ekonomiaren argazki iluna aurkeztu du ELAk, sei hilean behin kaleratzen duen txostenean. Sindikatuaren irudiko, egoera ez da samurra, eta ez dago adierazlerik egoerak hobera egingo duela erakusten duenik. Ekonomiaren etorkizunaren inguruan zalantzak besterik ez daudela dio Adolfo Muñoz idazkari nagusiak, eta langile eta langabeen egoera gero eta zailagoa dela. Gastu publikoa murrizteak, gainera, egoera okertu duela esan du, ekonomiaren moteladia luzatu eta enplegu sorrera oztopatu duelako.

Datu bat eman du Muñozek: langileen soldatek 1980an barne produktu gordinean zuten pisuari eutsi izan baliote, langile bakoitzak 5.880 euro gehiago jasoko zituen urtean. «Baina diru hori guztia kapital errenten patrikan geratzen da», eta ez kontsumitzeko erabiltzen. Aberastasuna egoki banatzea, justuagoagoa izateaz gain, ekonomia modu orekatuagoan berpizteko bidea dela azaldu du Muñozek. «Langile bakoitzak patrikan 6.000 euro gehiago izatea eraginkorragoa izango litzateke ekonomiarentzat. Hilabete bukaerara iritsi ezinik dabilenak 6.000 euro izango balitu, kontsumora bideratuko luke guztia». Aldiz, dirua ez kontsumitzeko eta ez inbertitzeko baizik eta espekulatzeko erabiltzen dutenen esku uztea oker handi bat besterik ez dela esan du.

Bi urteotan bikoiztu egin da Hego Euskal Herriko langabeen kopurua, eta %10,6koa da langabezia tasa, duela bi urtekoa baino 5 puntu handiagoa. Zehazki, 171.923 lagun daude lanik gabe, duela bi urte baino 73.100 gehiago.

Lan merkatuaren ezaugarri nagusia, berriz, aldi baterakotasuna da, ELAren irudiko. Hego Euskal Herrian %21,7koa da tasa; 27 herrialdez osatutako Europako Batasunean, berriz, %14koa, hemen baino 7,7 puntu txikiagoa. Emakumeetan are handiagoa da aldea: EBn, %14,7koa da tasa, eta %24,9koa Hego Euskal Herrian.

Hala ere, aurtengo lehen seihilekoan zertxobait murriztu egin da tasa hori Hego Euskal Herrian; 0,4 puntu, hain zuzen. Adierazgarria da 25 urtetik beherako langileen artean txikitu egin dela tasa hori, eta 25 urtetik eta 35era arteko langileen artean, handitu. Dena dela, 25 urtetik beherakoetan, hamarretik seik aldi baterako kontratuak dituzte.

Enpleguaren kalitatea ez ezik, langabeentzako estaldurak ere kritikatu ditu ELAk. Haren esanetan, enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda duten hiru langabetik batek ez du inolako prestaziorik jasotzen, eta lautik batek laguntzako prestazio bat baino ez.

Eta hobera beharrean, langile eta langabeen egoerak okerrera egingo duela uste du sindikatuko idazkari nagusiak. «Lan erreforma aldeko botoarekin edo abstentzioarekin onartu dutenek datorren urterako aurrekontuak ere onartu dituzte, azken hogeita hamar urteotako aurrekonturik antisozialenak». PSOEren eta EAJren jarrera gaitzetsi nahi izan du horrela.

Muñozen hitzetan, «krisi honetan, garai oso zaila igarotzen ari da gizartea, sekulako eskubide murrizketak jasaten ari delako». Lan merkatuaren eta pentsio sistemaren erreformekin langileen eta herritarren eskubideetan egiten ari diren atzeraurratsak gaitzetsi ditu Muñozek. Haren esanetan, gezurra esaten ari dira pentsioak erreformatzea sistemak irauteko ezinbestekoa dela diotenean. «Espainiak pentsioetan egiten duen gastua Europako batez bestekoaren oso azpitik dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.