Ekonomia ez dagoela «adreiluen menpe» ziurtatu du Jaurlaritzak

Azken bost urteotako hazkunderik handiena izan zuen iaz BPGk EAEn, eta aurten ia parekoa iragarri dute

Ivan Santamaria.
2006ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Eraikuntza sektorearen bultzada ez da erabakigarria izan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak hazkunde ildoari eusteko. Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariorde eta Ogasun sailburuaren irudiko, EAEko ekonomia «ez dago adreiluen menpe», eta horren erakusgarri da, esaterako, industriak izan duen garapena: iaz %2,7 hazi eta gero aurten %3,8 izatea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak. BPGren ia heren bat industriari dagokio, hain zuzen ere.

Azken bost urteotako hazkunderik handiena izan zuen joan den urtean Barne Produktu Gordinak (BPG): %3,7. Horrek frogatuko luke, Zenarrutzabeitiaren ustez, EAEko «eredu orekatuak» fruituak ematen dituela. Sektoreei dagokienez, dena den, eraikuntza izan zen nagusi (%6), zerbitzuen (%3,2) eta industriaren (%2,7) gainetik. AEBen, Japoniaren eta Europako Batasunaren batez bestekoen gainetik egin zuen aurrera ekonomiak, eta aurten ere baikorrak dira Jaurlaritzaren aurreikuspenak: %3,6ko igoera orokorra. Posible ikusten dute, besteak beste, aurreko urteko azken hiruhilabetean hazkundea %4,2 izan zelako.

«Euskadi ez da bizi dituen baliabideen gainetik»

Lehendakariordeak iazko datu ekonomiko esanguratsuenak zehatz-mehatz aztertu zituen, Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Ukatu egin zuen, SEAk esandakoaren kontra, erkidegoa dituen baliabideen gainetik bizi denik. «Ez gara bizi ditugun baliabideen gainetik, kontsumoa ez zen ekonomia baino gehiago hazi», arrazoitu zuen Zenarrutzabeitiak. SEAko idazkari nagusi Jose Manuel Fartoren aburuz, aldiz, kontsumoa hazkundearen gainetik dago, eta Europak ordaintzen du zorpetze hori.

Inbertsioa aldagai dinamikoena izan zen, eta aurten ere hala izango dela iragarri dute. Iaz %5,3 hazi zen, eta 2006an %5,7 izatea espero dute. Kontsumoari dagokionez, barne mailako kontsumoaren eraginez eutsi dio ekonomiak. Inportazioen eta esportazioen arteko aldea negatiboa izan zen, baina oso apala.

Horren guztiaren eraginez, biztanleko Barne Produktu Gordinak (eros-ahalmenaren parekotasunean) Austriaren, Danimarkaren edo Herbehereen parean jartzen ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta Suedia, Erresuma Batua, Finlandia, Frantzia, Alemania eta Espainiaren gainetik.

Inflazioa izan zen berriro, Jaurlaritzak egindako azterketaren ildotik, makroekonomiaren itzalik handiena. Europako Batasunak agintzen duen batez bestekotik (%2) asko aldendu zen. Zenarrutzabeitiak petrolioaren salneurriaren etengabeko garestitzeari egotzi zion inflazioaren igoera hori, eta espero du Europako Banku Zentralak agindu dituen interes tasen igoeraren bidez salneurriei eutsi ahal izatea etorkizunean.Interes tasekin gertatzen denak eragina izango du, horrez gain, inbertsioan, eta industrian egiten ari dena pixka bat mugatzeko arriskua ere badago.

Batasunaren kritikak

Jaurlaritzaren irakurketa kritikatu zuen Batasunak, prentsa ohar baten bidez. Besteak beste, etxebizitza beharrari edo txirotasunari buruzko datuak ezkutatzea egotzi zion lehendakariordeari. «EAJ, EA eta EB hirukoak ez du borondatea BPGren hazkunde hori modu egokian banatzeko», salatu zuen Batasunak.

LANGABEZIA



Enplegu betea eta Lisboako helburuak



Enpleguaren 2005eko datuekin ere pozik dago Jaurlaritza. Araba eta Gipuzkoa langabezi tasa teknikoaren (%5) azpitik daude dagoeneko, baina Bizkaiaren populazioaren garrantziaren ondorioz, EAEko batez bestekoa handiagoa da (%5,7). Enplegu betearen atarian egongo litzateke erkidegoa, horrenbestez.

Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak posible ikusten du Europako Batasunak 2010. urterako Lisboan ezarri zituen helburuak gauzatzea. Enplegu tasa orokorrean eta emakumeen enplegu tasan bost puntura dago, eta gabezi handiena 55 eta 64 urte bitarteko pertsonen enplegu kopuruan dago: %50era iristea eskatu du EBk, eta EAEn %40 eskas da gaur egun.Azken zazpi urteotan emakumeen eta gizonen langabezi tasaren arteko aldea %15 izatetik %2 izatera pasa dela adierazi zuen Zenarrutzabeitiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.