Merkatuek Europako Banku Zentralak interesak igoko dituela susmatzean, orduan egin ohi du gora indizeak. Orain, ordea, igotzeko arrazoia ez da hori izan. EBZk bihar du egitekoa hileroko bilera, eta, itxura guztien arabera, diruaren prezioa %4,25ean mantenduko du, edo, asko jota, merkatu.
Finantza sistemaren nahaspila izan da indizea igotzeko erantzule nagusia. Bost hilabetean jarraian -martxotik uztailera- gora egin ostean, abuztuan zertxobait jaitsizen. Adituen arabera, indizeak goia jo zuen eta beheranzko bilakaera hasi zen. Urte amaierarako %5era arrimatuko zela esaten zuten.
Itxaropen guztiak, ordea, zapuztu dira dagoeneko. Finantza erakundeek dirua behar dute, baina mesfidati daude elkarri uzteko, gainerakoen egoera zein den ez dakitelako. Hori dela eta, interes tasa handiak kobratzen dizkiote elkarri. Europako Bankuen Federazioak finantza erakundeek elkarri kobratutako interes horien batez bestekoa kalkulatuta finkatzen du Euriborra. Beraz, finantza mundua zertxobait lasaitu artean bederen, ez dirudi Euriborra askorik jaitsiko denik.
Iaz baino %0,66 gorago
Bien bitartean, hipotekaren bat dutenek gehiago ordaindu beharko dute hilero. INE Espainiako Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko herritarrek, batez beste, 160.000 euroko hipotekak dituzte, eta mailegua urtean behin be- rritzea izaten da ohikoena. Kontuan hartuta iazko irailean 4,725ean zegoela Euriborra, 20 urtean ordaintzekoa dutenek hilero 60 euro gehiago ordaindu beharko dituzte; 30 urterakoa dutenek, 66; eta 50 urterakoa dutenek, 77.
Euriborraren datua baino hobea izan da inflazioarena. Eurostatek atzo jakinarazi zuenez,Eurogunean, irailean %3,6 egin du, abuztuan baino %0,2 gutxiago. Ekainaren eta uztailarekin alderatuz, berriz, lau hamarren jaitsi dira prezioak. Petrolioaren merkatzeak eragin du, batez ere, inflazioaren jaitsiera.
Dena den, EBZren helburuak urrun daude oraindik, inflazioa %2aren azpitik egotea baita erakundearen xede nagusia. Euskal Herriko datua datorren astean jakingo da.
Herritarrak lasai egon daitezke, haien aurrezkiek ez baitute arriskurik Espainiako finantza erakundeetan»
Pedro solbes
Espainiako Ekonomia ministroa
Belgikak, Luxenburgok eta Frantziak Dexia salbatu dute
Belgikako, Frantziako eta Luxenburgoko gobernuek 6.376 milioi euro sartuko dituzte Dexia bankuan, porrota saihesteko: Belgikak 3.000 milioi euro, Frantziak beste hainbeste eta Luxenburgok 376. Finantza erakundearen kapitala handituko dute, haren likidezia arazoak konpontzeko.Dexiaren akzioak %28,5 jaitsi ziren atzo, eta haren kotizazioa eten egin zuten atzo, gobernuek beren esku-hartzea negoziatu bitartean. Neurriak iragarri eta bi ordura, berriz, Dexiaren akzioak %15 igo ziren.
Belgikako, Frantziako eta Herbehereetako gobernuak Fortis bankuan esku hartu behar izan zuten herenegun: 11.200 milioi eurorekin lagunduko dute.
Irlandako Gobernuak gordailuak bermatuko ditu
Irlandako Gobernuak bertako sei banku nagusietako gordailu guztiak bermatuko ditu bi urtean, bertako finantza sistema babesteko. Bankuek kuota bat ordaindu beharko dute bermearen truke. «Neurria banku horietako bezeroen mesfidantza uxatzeko hartu dugu», esan du Irlandako Gobernuak.Ekonomia finantzatzeko eskatu die Sarkozyk bankuei
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Frantziako bederatzi banku eta aseguru etxe nagusietako arduradunei atzo gogorarazi zien beren «helburu nagusia» ekonomia finantzatzea dela. Frantziako Gobernuak finantza erakundeek maileguak ematen jarraitzea nahi du, enpresen jarduera eta herritarren kontsumoa ez eteteko. Frantziako Gobernuko, Frantziako Bankuko eta finantza erakundeetako arduradunek bilera egin zuten atzo, Parisen.Frantziako Gobernuak maileguen merkatuari buruzko neurriak iragarriko ditu aste honetan.Christian Noyer Frantziako Bankuko lehendakariaren esanetan, Frantziako finantza sistema «munduko seguruenetakoa» da.