CRESS Akitaniako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Ganberak, NLEE Nafarroako Lan Enpresen Elkarteak eta Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak osatu dute ekonomia sozialaren eta ekonomia solidarioaren mugaz gaindiko sarea. Europak bultzaturik, sektore horren garapena dute xede, esperientziak aurkeztuz eta ideiak trukatuz. Bazkide Akitania baldin bada ere, Pirinio Atlantikoetako departamenduko ekimenak ikertuko dituzte.
Ofizialki uztailaren 1ean sortu zen sarea, baina atzo aurkeztu zuten, Baionan. Bertan egon ziren Sabine Lagardere eta Jean Lissar -proiektuaz arduratuko diren bi langileak- eta Richard Peyres CRESSeko lehendakaria.
1.228.600 euroko aurrekontuari esker, diagnostikoak egin eta ekonomia sozialaren eta solidarioaren behatokia sortu ondoren, esperientzia aitzindariak abiatuko dituzte. Europa da finantza iturri nagusia, EGEF Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak emango baitu aurrekontuaren %65. 2012ko abenduaren 31 arte iraunen du finantzaketak.
Bisitak ekimenak ezagutzeko
Lissarrek dioenez, lurralde bakoitzak jakintza eta berezitasun propioak ditu, «eta batzuek besteengandik anitz dute ikasteko». Hori dela eta, bisita egunak antolatuko dituzte. Asteazkenerako hainbat hitzordu finkatu dituzte Lapurdiko ekimenak ezagutzeko: Lekorneko Garroan, elkarte moduan antolaturik barazki ekologikoak ekoizteko ekimena deskubrituko dute; Baionako portuko Atherbea egitura ikusiko dute, lanaren bidez gizarteratzen laguntzeko; Hazparneko prestakuntza zentrobat bisitatuko dute; eta barazki ekoizleen eta kontsumitzaileen artean sortu AMAP esperientziak ere aurkeztuko dituzte.
Argi utzi dute sareak ez dituela ekonomia sozialean eta elkartasunezkoan xede diren egitasmoak finantzatuko; baina laguntza eskainiko diete hainbat eragileri.
Ekonomia sozial eta solidarioaren mugaz gaindiko sarea osatu dute
Nafarroako NLEE, Akitaniako CRESS eta EAEko Konfekoop egiturak dira sareko bazkideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu